'Hazte oir' plataformaren liburuxka homofoboa giza eskubideen kontrako erasoa dela esan du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 20a, 09:11
Argazkia: Iruñeko Udalak LGTBIQ bandera jarri zuen aurrealdean.

> Hainbat eskolatan eduki homofoboa zabaltzen duten testuak banatu ditu eskuin muturreko elkarte katolikoak.
> Badakizu zer irakatsi nahi dioten zure seme-alabari eskolan? Doktrinamendu sexualaren inguruko legea izenburua du panfletoak.

Hazte Oir elkarteak 29.000 panfleto igorri ditu Espainiako estatuko ikastetxe publiko eta kontzertatuetara Badakizu zer irakatsi nahi dioten zure seme-alabari eskolan? Doktrinamendu sexualaren inguruko legea izenburupean.

Nafarroara ere iritsi dira. 500 bat banatu dituztela uste dute CCOO sindikatutik, eta zenbait salaketa iritsi zaizkie. Arazoa ikusita, gaitzespen testua onartu du Iruñeko Udalak. "Arbuiorik irmoena" azaldu du Herritarren Auzietarako Batzordeak, eta hezkuntza komunitatea hertsatu nahi dutela salatu, umeen hezkuntza sexu-afektiboa eta LGTBI pertsonen eskubideen inguruan.

Hori dela medio, Hezkuntza Departamentuari eskatu dio "behar diren neurriak" har ditzan.

Sexu eta genero dibertsitatearekiko "errespetua eta konpromisoa" dituela berretsi du Iruñeko Udalak, eta oroitarazi du, bide horretan, Sexu eta Genero Dibertsitaterako Arreta Zerbitzua eta irekitzekoa den LGTBI zentroa bultzatu dituela.  

Panfletoko zenbait ale

"Legeek bi herritar maila instituzionalizatzen ari dira, LGTB eta heterosexualak. Lehenengo horiek, legalki pribilegiatutakoak; bigarrenak, bigarren maila batean utziak". Heterosexualak baztertuta daudela ziurtatzen du liburuxkak.

"Heterosexuala izateak herritarrek homofoboak izatearen susmagarri bihurtzen ditu". Idatzi dute beste atal batean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!