Aditu eta ikasi

Dagoeneko askotan ikusi dut argazkia: Gurutze Gorriko emakume zuri bat Afrika eta Europaren arteko muga zeharkatu berri duen gizon beltz bat besarkatzen. Halako txioak ikusten ginela, Africa United Nafarroa elkartearen mezua jaso dugu erredakzioetan. Argi mintzo dira: Afrikari eragiten dioten albisteak ematerakoan gure ikuspegia "erabat okerra" dela ohartarazi digute.

Horregatik, minutu bateko manifestu honetan, hitz horiek ekarriko ditut, inporta ez bazaizue: Gure narrazioa bi kontinenteen arteko mugan hasita, mugaturik dago emandako informazioa. "Urte asko dira desinfomatzen. Gezur anitz agertzeko", diote. Izan ere, "zuri salbatzailea" ageri da azaletan, erreportajeetan, nonahi. Baina ez dakigu deus ere itsasoan bizitza arriskatu duten horiei buruz.

"Afera ez da afrikar gazteei harrera egin eta laguntzea, (...) afrikar kontinentea kolonialismoaren zamatik askatzea baizik, XXI. mendean oraindik jarraitzen duelako". "Europak eragiten du migrazioa. Afrika da benetan inbaditua dena".

Adi adi irakurri dut oharra goitik behera. Ezin dugu besterik egin kazetari zuriok: aditu eta ikasi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!