Itxiera perimetrala

Salem Ahmedu Dakhlan sortu zen duela ia hiru hamarkada, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuak bizi diren kanpamentuetan. Zortzi urteak arte ez zuen basamortua besterik ezagutzen. Oporrak Bakean egitasmoari esker uda goriak atzean utzi eta bi hilabetez Galiziara joateko aukera izan zuen 12 urte bete zituen arte. Beste mundu bat ezagutu zuen orduan: belarra, parkeak, play stationa, komunak... eta itsasoa. Itsasoarekin flipatu zuela dio. 

 

Zortzi urte bete zituen arte, udak kanpamentuetan igarotzen zituen. 11:00etatik aurrera ezin izaten zuen etxetik atera beroa jasanezina baita, hatsa kentzerainokoa. Zeukaten ur gutxi haren tanta batzuekin freskatzen zuen amaren melfa eta soinean paratu.

 

Osasuna da egonaldi hauetako aferarik garrantzitsuena: haur askoren gaitzen berri kanpamentuetatik kanpora ateratzean izaten baitute familiek.

 

Gaur egun zortzi urte dituen saharar batek ezin izanen du bero itogarria atzean utzi. Aurten, iaz bezala, haur sahararrek ezin izanen dute kanpamentuetatik atera, pandemia dela eta. Ederra paradoxa: osasun neurriengatik haur horien osasunerako ezinbestekoa den egonaldia bertan behera geratu baita. Hori bai itxiera perimetrala.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!