Kantatu nahi dut bizitza

Kantu bat ekintza bakoitzerako. Euskaraldian aritzeko, kantua. zenbat gara? 24 orduz entzungo duzu, zazpi egunetan, eta hala ere ez da aski. 15 egun euskaraz, baina tabernarik ez, kontzerturik ere ez, eta ahoa estalita darabilgula ezin askorik mintzatu, eta gutxiago kantatu. 

Disko berriak erosteko azoka botatzen dut faltan; hiriburura ilegalki besterik ezin gaitezke joan, paperik ez daukagunok. Ezin kantu berririk ekarri handik. Kontzertuetarako gogoa ahitu egin zaigu, jezarrita eta txintxo egotekotan. Kafe antzoki guztiak itxita daude, musikaren haria eten da, eta duela urtebeteko Berri Txarraken kontzertua datorkigu burura, oraindik. Ez dugu ahantzi Katedrala eta hango doinuak. 

Kantatu nahi dut bizitza idatzi dut, eta errepikatuko dut, kantatu nahi dut. Ozen, lasai, aldarrika,   lagun, gozo, apal, belarrira edo eztarria urratu arte … kantatu nahi dut bizitza! merezi duelako.

Lagun eta ezagun gehiegi gaisorik, makal, apal, txungo. Eta hala ere kantatu beharra dago. Aurten ez dugu Olentzerori kantatzerik izango, bertso txapelketak bertan behera geratu dira, eta ez dago ez koplatan ibiltzerik.

Kantatuko dugu hala ere. Balkoitik balkoira edo leihopetik. Izarrei eta etxean falta direnei; ohe huts gehiegi daudela gogoratuko dugu, kantuz bada ere. Eta urte berriari eskatuko diogu kantuan jarraitu gura dugula.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!