Gela bat euskararena

Nahi baino gutxiago dakit arteaz (ere), baina aski ongi dakit kontzientziak astintzeko tresna paregabea dela. Hala eta guztiz ere, arte bisual garaikidean ez omen dago hizkuntza gutxituen arrasto handirik, ez Euskal Herrian, ezta munduan ere. Ez da soilik gutxi sortzen dela hizkuntza gutxituetan, baizik eta ez dela batere ohikoa sorkuntza lanek hizkuntza edo, gure kasuan, euskara gaitzat hartzea. Artea nork, norentzako edo zertarako sortzen duen galdetzera eraman gaitzake, batetik; bertzetik, badu paradoxatik aferak, hizkuntza ahotan etengabe dugunok ez baitugu hizkuntza artelanetan gorpuzten, nonbait.

Hori izan zen, hain zuzen ere, Zaloa Ipiña artistaren hausnarketen hari muturretako bat eta horregatik ekin zion, bertzeak bertze, hizkuntza zapalkuntza irudikatuko zuten piezak eta instalazioak sortzeari. Arte plastiko eta bisualetan ibilbide emankorra du eta azken urteotan hizkuntza, euskara, izan du lehengai. 

Nabaria da dokumentazio lan sakona egiten duela sortze prozesuan. "Gorreri bisuala" erakusketan, errate baterako, hizkuntzak gutxitzeko erabilitako tresnak ikertu eta pieza artistiko bihurtu zituen. Erakusgelan barrena joan ahala, piezek ikuslea zeharkatzea lortzen zuen Ipiñak eta bizipenaren ondotik, gorputzak gela utzi bai, baina gela ikuslearengan gelditzen zen; nola erran, Ipiñak ireki zion arteari gela bat euskararena.

Orain, hizkuntzen arteko harremanei erreparatu die eta hizkuntza ekologiaren begiradatik sortu du "Mingainatu" erakusketa Zaloa Ipiñak, ekaina bukaera arte hiri buruzagian ikusgai dagoena, zehazki Apaindu galerian, iruindarren eta bisitarien esperoan. 

Hizkuntzen inguruko bigarren proiektuan koska bat harago joan da eta abagune ederra eskaintzen du Ipiñak, hauteskunde kanpaina bizian, gogoetarako. Izan ere, esaldi ezaguna etxekotzea bertzerik ez dago konturatzeko euskarak (ere) dirua behar duela, eta gela bat artearentzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!