Euskalduna gizarte bila

"Sentitu al duzu inoiz konplexurik euskaraz hitz egiterakoan?" galdetu nien Euskal Herri luze eta zabaleko lagunei. Erantzunek serie baterako eman dute eta gaurkoa, laugarrena, da azkena.

Albertok erantzun zidan, euriak bustitzen duen galdetu izan banio bezala: "Bai eta askotan! Txikitatik nire ama hizkuntza gaztelania izan da, baina eskolan txikitatik euskaraz ikasi dut. Gero DBHn eta unibertsitatean jarraitu nuen ikasketak euskaraz egiten eta poliki-poliki giro euskaldunean egoten. Giro honetan mugitzen hasi nintzenean, batez ere 18 urtetik 24ra edo, hasiera batean bai sentitu nintzen apur bat txarto hitz egiterakoan. Ulertu, azkenean, ohitu egiten zara eta ulertu egiten duzu, baina besteen aurren hitz egin behar duzunean bai, momentu horretan txarto, deseroso edo ez nintzen seguru sentitzen, nahiz eta jakin era egoki batean egiten nuela euskaraz. (...) Azkenean, beti gutxiago sentitu naiz besteen aldean. Gaur egun 38 urte ditut eta denbora dezente eman dut euskaldun giro honetan, jada ez naiz sentitzen "diferente". Nahiz eta nire txikitako ama hizkuntza gaztelera izan, ni gaur egun euskalduna sentitzen naiz, euskaldun berria bai, baina nire hizkuntza euskara da eta gaur egun esan dezaket harro sentitzen naizela, konplexu hori gainditu dudala. Ez dakit guztiz, baina hein batean bai." Haur eskolatik euskaraz ari den 38 urteko Alberto "diferente" sentiarazten zuten euskaldun giroan duela gutxi arte eta berak, ukondokadaka, tokia egin behar izan du eroso sentitzeraino. Edo akaso "euskaldun giroa" da diferentea dena. Euskaraz bizi nahi dugunon artean nor bizi daiteke euskaraz eroso? Eta euskaraz eroso bizi denak zer egiten du ingurukoak euskaraz eroso bizi daitezen?

Kasu, ez da adierazpenotan 18-24 urte arteko aldiari erreferentzia egiten dioten lehendabiziko aldia. Hori bai adin tarte gakoa bizitzan! Oraintxe ezpainetan irriño bat baduzu, segur aski, zu ere ados zaude. Afera da: adin tarte horretan euskara sustatzeko ekimenak aski babesten ditugu? Plaza publikoan badugu erreferenterik adin horretako euskaldunen artean? Faborez, ez dezatela jarraitu zaharrek "gazte" kategoria definitzen, ezta "dena gazteentzat, baina gazterik gabe" memea elikatzen ere. 

Bai, baina zer egin? Inguruan ongi egiten dena kopiatu, adibidez. Horren harira, Leok erran zidan: "Euskarazko gauzak ez nituen ezagutzen, eskolakoak bakarrik". Ez dakit zeri buruz ari zen zehazki, baina ziur mesede eginen liokeela "euskarazko gauzak ezagutzeari" euskal sorkuntza edo kultura, garai batekoa eta bertzekoa, hemengoa eta ekarria, funtsean ona den guztia, nonahi eta arras merke ez bada debalde izateak. Alegia, ez erakarri, baizik eta joan. Aldiz, Txerra Rodriguezek "bizitza euskaraz ospatzen duten 100 proiektu" izendatu zituen horiei buruz ari bazen Leo "euskarazko gauzak" erraterakoan, bai, ezagutu ez ezik babestu beharko genituzke puskaz gehiago.

Funtsean, urgentziaren eta garrantziaren behatxulotik begiak altxatu, tarteka, egingarria denari ekiteko, gure ingurua bizigarri egiteko eragin dezakegulako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!