Euskaldun intermitenteak

Galdera luzatu nien ingurukoei: "Sentitu al duzu inoiz konplexurik euskaraz hitz egiterakoan?" eta erantzun-zaparradagatik teilatua tantaka hasi baino lehen, hoditan edo artikulutan banatu dut hitz jarioa. Hauxe duzu bigarrena.

 

Anak erran zidan: "Osasun arloan bizi berri dut konplexu handia, egoera gogorra bizi behar izan nuen ospitalean eta aurreko zein ondorengo kontsultetan, baina espazioak eta profesionalak ez daude prest horretarako. Oso gogorrak izan ziren fase horiek, informazioa ez zegoen egokituta eta atentzioa ere erdaraz izan zen. Horrelako momentu garrantzitsu eta tristeetan erdaraz egiteko derrigortasuna beste biolentzia kapa bat izan zen niretzat, aurretik ere bortitza zen inguru horren erdian. Desgraziak konbinatuta, ezin nintzen %100ean ni izan, momentu horretan behar nuen arren". Anaren hitzek uretara botatako harriaren uhin hedakorrak eragin dizkidate: ezin nintzen ni izan. Osasuna jokoan eta horra guk eraikitako zerbitzu publiko batek ezarritako prezioa: nortasuna ukatzea. Gogora etorri zait Lorea Agirreri duela lau urte entzun niona: "Nire gorputza da osorik euskalduna eta emakumea: ez erdizka emakume, ez erdizka euskaldun. Honek besteak nirekin harremantzeko modua arautzen du, baita nik besteekiko ditudan jarreretan eragin ere".

 

Anderrek gazteleraz kontatu zidan, bere kasuan, ni izatea eta gu izateatea talkan egon direla eta badaudela bere baitan: "A ereduan ikasi dut haur hezkuntzatik. Beraz, euskara irakasgai bat izan da, matematika bezala, eta kasu handirik egiten ez badiozu, nik bezala, ez zaizu interesatzen. Nik dena penkatzen nuenez, ba euskara ere bai. Gero, 16-17 urterekin, musika interesatzen hasi zitzaidan: skins, mods eta horiek guztiak. Giro batzuetan euskaraz hitz egiten zen, borrokek. Hor hasi nintzen zerbait falta zitzaidala sentitzen. Gero, batxilergoan, gogoratzen dut klasean adi egoten hasi nintzela, mugitzen hasi nintzen edo mugitu nahi nuen giroetan euskara erabiltzen zelako, eta orduan esan nuen: ostia, hau ez da irakasgai bat, ikasi nahi dudan zerbait da, kalean erabili nahi dudalako. Baina berandu zen, zer ikasiko duzu 17 urterekin bizitza osoan ikasgai guztiak penkatu badituzu?! 18-19 urteetatik aurrera zure nortasuna definitzen duzu, eta hemen Euskadin edo Euskal Herrian probabilitate handia dago zure nortasun hori euskaraz aritzen diren taldeetan garatu behar izateko. Horregatik, gero eta konplexu handiagoa sentitu nuen. Ez nuen hizkuntza kontrolatzen, ulertu bai, beste irakasgai batzuetako oinarrizko kontzeptuak ulertzen nituen bezala, baina ez nuen menderatzen. Beraz, jendeak hitz egiten zidanean dena ulertu eta "bai", "ez" edo dena delakoa erantzuten nuen estualditik ateratzeko. Gero, estualdia pasata, esaten nuen: "jo, horrela erantzun nezakeen edo bestela". Bai, hitz egin behar nuenean moztu egiten nintzen, "zer esango dute" pentsatzen nuen, "konturatuko dira ez dakidala euskaraz". Kontua da giro horretan gustura sentitzen nintzela, izan nahi nuena nintzela, jendeak onartzen ninduela, baina sekretu hori nuen: bai, baina ez dakit euskaraz." Hizkuntzagabetuek, komunitatearen parte izateko zerbait faltan sentitzen duten Ander guzti horiek, etengabe egiten dute inertzia edo sistemaren kontra gu izateko, emaitzak emaitza. 

 

Hortaz, euskalduna besamotz edo hankaluze izatea ez da arazoa, ez bederen jostun onak zaintzen baditugu neurrira jantzi ahal izateko. Arazoa da akaso nahiago dugula euskaldunez mozorrotu, jantziak seriean produzitu, "ni" eta "gu" guztiak lau neurritan sartu ahal izateko. Funtsean, euskaldunak izan ordez, nahiago dugula izan "berdin dio zer, baina euskaraz".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!