Kolonialismoaren ondareak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Diez de Ultzurrun 2024ko mar. 22a, 13:41

Kolonialismoaren ondarea gordina da oso: errealitatean eragiten du oraindik, eta gure buruetan ere bai. Israelgo estatua kolonialismoaren ondarea da, eta hala ikusi nahi ez izatea orobat da kolonialismoaren ondarea. 
Kolonialismoaren ondarea da xenofobia batzuk beste batzuk baino arbuiagarriagoak direla sinestea. Antisionismoa eta antisemitismoa berdintzea ere kolonialismoaren ondarea da, eta Palestinaren kolonizazioak ezinbestekoa duen dogma.
Kolonialismoaren ondarea da pentsatzea beste jende batzuk bizi diren lurrez jabetzen ahal garela, eta iraganean pairatu ditugun bidegabekeriek eskubidea ematen digutela beste batzuk armaz eta legez azpiratzeko orain. Eta logika higuingarri hori darabilte israeldarrek Palestinan gaur.
Gaur egungo  arrazakeria sistemikoa ere kolonialismoaren ondarea da. Israeldarrek ez lituzkete hain erraz onartuko palestinarrak sarraskitzea beren azpikotzat joko ez balituzte.
Kolonialismoaren ondorioa da pentsatzea palestinarrek ez dutela erresistentzia armaturako eskubidea.
Horregatik ez dute nahi palestinarren genozidioa kolonialismoaren logikaren barnean koka dezagun. Kolonialismoa iraganeko afera dela sinetsarazi nahi digute, ez diezaiegun erreparatu gaur egungo kolonialismoaren ajeei eta haietan dugun erantzukizunari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!