Inposizioak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Diez de Ultzurrun 2024ko urt. 12a, 11:32

Abenduaren 24an, Olentzerok, Gasteizen, Horra, horra kantatzean ez omen zuen «Jesus jaio dela» esan, baizik eta «negua heldu dela», eta Gasteizko Elizbarrutiak mezu bat plazaratu du inposizio laizisten kontra; apaizek salatu dute letra aldatzea ezjakintasuna eta historia aldatzeko asmoa erakustea dela. Marka da gero kristauek besteei leporatzea inposizioa, nork eta haiek!, kontu jakina baita neguko solstizioaren ospakizunen esanahia kristautzeko erabaki zuela Elizak Jesusen sorteguna abenduaren 25ean “paratzea”. Tamalez, oraindik ere kristau katolikoen santutegiaren eta ospakizunen arabera antolatua dugu gure jai-egun ofizialen egutegia. Garai batean ulertzekoa izanen zen, baina gaur egun zalantzan jarri beharrekoa dela uste dut, eta beste jai-egutegi bat finkatzen hasi, jendarte laiko eta pluralista batekin bat etorriko dena. Zaila izanen da, ordea, badakigu-eta hegemonian eroso daudenak oso trebeak direla errealitatea alderantzikatzen, egiazko botere-harremanak nolakoak diren ezkutatzeko. Eguesibarko alkatea horren adibide: euskarazko ekitaldiak antolatzea erdaldunak diskriminatzea dakarrela esan du. Batzuei oso erraza egiten ari zaie ezjakintasuna erakustea eta historia aldatzea, eta, tamalez, ez dira gutxi kontakizun berrian sinesten hasi diren euskal hiztunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!