Aurtengo Animalien Dantzak 12 zaldikok eginen dituzte lehengo aldiz Iruñeko Kauteren bestan

Erabiltzailearen aurpegia Iruña Taldea Euskal Kultur Elkartea 2016ko urt. 27a, 17:07

Iruñean aspalditik dago Kauteren besta ospatzeko ohitura. Inauteriak heldu baino astebete lehenago ospatzen ditugu. Aurten urtarrilaren 30ean hain zuzen ere. Urtero bezala Iruña Taldeak goizean Animalien Dantzak deiturikoak plazaratuko ditu, baina aurten berrikuntza batekin, izan ere, orain arte 8 zaldikok osatzen bazuten Animalien Dantzen taldea, hemendik aurrera 12 zaldikok osatuko dute.

 

Ezagutzen ez dituztenentzat Animalien Dantzak Elena Frailek gaita eta metalezko musika tresnentzat sorturiko musikekin Peio Otanok eginiko 8 zaldikoendako dantzak dira. 5 musika ezberdinentzat 4 koreografia asmatu zituen Peiok eta Iruñeko Kauteren egunean goizez plazaratzen ditugu. Hurrengo bideoan dantza horietako batzuk ikus ditzakezue.

https://www.youtube.com/watch?v=zd-hDPsv3D0

Aurten segizioa 11etan abiatuko da Iruña Taldeko gure egoitzatik (San Lorentzo karrikatik) eta San Nikolas plazan, Udaletxe plazan eta merkatu barruan emanen ditugu dantzak.

 

Iruñean Kauteren besta sortu zenetik, modu berezian bizi izan dugu Iruña Taldean. Goizeko Animalien dantzez gain, arratsaldean, fanfarreak lagunduta, kalejira egiten dugu Alde Zaharreko karriketan barna, bereziki prestatutako musika eta kauteren dantzak eskainiz.

  

Iaztik aurrera gainera, ikusita besta motz gelditzen zitzaigula, gau partean kontzertua antolatzea bururatu zitzaigun. Iaz San Agustin kaleko Kalekalden egin bagenuen ere, aurten toki zabalago baten bila aritu gara eta Iruñeko Algara (Bullicio) peñaren egoitzan eginen dugu. Bertan Tzigano Band (Iruña Taldeko zenbait musikarik osatutako taldea) eta iparraldetik helduko zaigun Zezenaren Taldea arituko dira 22:00etan hasi eta goizaldeko 1:30ak arte.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!