Usoen begiradatik

Hiriak itxura berezia behar du usoen begiradatik. Hegaldi bakarrean ikusiko dituzte agian katuak teilatuetan paseoan, arratoiak errotondetan eta gizakiak terrazetan.

Terrazak. Esanen nuke usoek ere maite dituztela bazter orotan loratzen ari diren plastikozko aulki eta mahaiak. Ez baita arraro horietarikoren bat harraparitzan atzematea, abandonatutako kopak ikertzen edo bigarren eskuko ogi apurrak bilatzen, adibidez.

Terrazak. Gizakion kontraesanak ere terrazetan zerbitzatzen dira azkenaldian. Garesti xamar gainera. Kontsumoaren, espazioaren erabileraren, aisialdi ereduaren edota hiriaren goxatzearen inguruan ditugun kezkak vermouthean itotzen ohi ditugu. Sifoiarekin lagunduta batzuek. Olibekin gehienek.

Terraza bilakatu dira gaur karrikak, plazak eta plazaondokoak. Herenegun katuen, arratoien, usoen eta gizakienak ziren karrikak, plazak eta plazaondokoak, alegia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!