Erorien monumentua eraitsi faxismoaren aurka borrokatu

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Kañamares 2024ko api. 10a, 15:24

Erorien Monumentuaren gaineko eztabaida ez da eraikinaren edota memoriaren gaineko eztabaida soila. Garai hartan zein gaur egun ere parez pare dauden proiektu politikoen arteko borroka da eztabaidaren funtsa. Bando faxistak oso argi zuen zein zen horrelako eraikinen eta, oro har, bere politika errepresibo eta kulturalaren helburua: atzoko, gaurko eta biharko borrokalariak umiliatzea eta disidentzia oro zapuztea. Bando galtzailearentzat ez elkarbizitza, ez eskubide politiko eta ez ezer.

40 urteko diktadura eta transakzio politiko baten ostean, hamaika metamorfosi eta esanahi-aldaketa ikusi ditugu, baina botere estrukturak bera izaten jarraitzen du. Proiektuak bere horretan dirau. Ezin zaio horrelako eraikin bati beste esanahi bat eman, are gutxiago, hura sustatu zutenen proiektu politikoa bizirik badago. Bikain adierazi dute hau elkarte memorialistek. Eta, bide batez, gauza batzuk ez dira zertan prozesu parte hartzaile bidez eztabaidatu. Printzipio batzuk oinarrizkoak dira, eta horietako bat da faxismoari metro bat ere ez ematea.

Eraistea da gerran galtzaile izan zirenen oinordeko garenon eta gaur egun bando horren aurka borrokatzen garenon aterabide zintzo bakarra. Eta ez memoria ezabatzeko, baizik eta gaur egun ere aurrean izango gaituztela argi eta garbi esateko. Faxismoaren mamua hauteskundeak datozenean haizatzen dute batzuek, eta ondoren normaltasuna eta elkarbizitza aldarrikatzen dituzte. Baina mugimendua bizirik dago, eta aurre egin beharrean gaude, izan memoriaren arloan, baina batez ere kalean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!