PSNren atzaparretan katramilatuta:

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Kañamares 2024ko mar. 6a, 15:38

Aurrekontuak onartuko dira Iruñeko Udalean eta Nafarroako Parlamentuan, eta  aldaketa sendotzen doan seinale omen da. 

Barkatuko didazue atrebentzia, baina ilustratzeko modukoa iruditu zait. 2015ean Erregimena kanpora!, UPN-PSN berdin da! eta Bake faltsuari gerra! oihukatzen zuten gazteen belaunaldikoa naiz ni. Zer gertatu da Nafarroan azken ia 10 urte hauetan? Nola pasa da PSN erregimena izatetik aldaketa izatera? PSN aldatu egin da ala haustura planteatzen zuen mugimenduak onartu du kudeatzen egoteko PSNrekin batera joan behar duela? 

Nahi adina txiribuelta diskurtsibo egin daitezke, baina Nafarroako eta estatuko  politikaren giltza PSOEk du oraindik ere. Bi aukera daude: gobernua zuritzen jarraitu eta Txibite eta enparauak progresistak direla esatea, edo Nafarroako botere egiturak indarrean jarraitzen duela erakutsi, konplize diren alderdi eta eragileak seinalatu eta langileria haustura planoan antolatzea..  

Alderdi horiek besteak beste indar-harremana eta pazientzia estrategikoa kontzeptuak erabiltzen dituzte politika posibilista justifikatzeko, baina AHTak, Zonifikazioak, Opus Deirekin harremanek eta abarrek indarrean diraute. Orain eztabaidarik garrantzitsuena Foruzaingoarena omen da, eta ez preseski indar errepresiboa disolbatzeko. Batetik, haien kalkulu elektoralistak daude, eta bandoz aldatuta aldeko bozkak irabaziko dituzten printzipioak baldintzatzen ditu. Bestetik, ordea, muga estrukturalak dauzkagu.

Eta jakina, Euskalerria Irratiak lizentzia edukitzea edota alokairu sozialeko hamaika etxebizitza egitea hobea da, bere horretan, ez edukitzea baino. 

Baina ez gara neurri konkretuek duten efektuaz ari, epe luzera zirku elektoralean katramilatzeak dituen ondorio estrategikoez baizik. Kudeaketari berniz progresista edo navarrista eman diezaiokezu, baina oinarrian izaera apurtzailea ematen hasten bazara, CEN, Volkswagen, Opus, Gobernu Delegaritza, 155 legea eta Von der Leyen bera ere etorriko zaizkizu esatera instituzioak beren negozioak kudeatzeko espazioa direla, eta ez gizartea eraldatzeko esparrua. 

Martxoaren 3ko kantak honela dio:

Begira nola aldatu
Diren gauzak kamarada
Zeozer aldatu dugu ala
Gu aldatu gara?
Gaur egunera ekarri
Behar dugu Zaramaga
Ez baita ezer aldatzen
Dena aldatzen ez bada

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!