Munduko Bankuari ez

Egun hauetan Barakaldon Munduko Bankuaren Innovate4Climate konferentzia elkartu da. Hondamendi klimatikoaren zantzuak gero eta larriagoak dira eta esku hartu beharrean gaude, baina nork kudeatzen du gaur-gaurkoz larrialdi klimatikoa? Bada, hain justu, haren sustatzaile nagusiek: Munduko Bankuak, Nazioarteko Diru Funtsak, Blackrock bezalako putre funtsek…
  
Gaur, Artikoaren adibidearen bidez, kontraesana irudiztatu nahiko nuke.

Klima aldaketaren ondorioz Artikoa urtzen ari da, baina arazoa dagoen tokian, negozio biribila topatu dute batzuek: baliabide naturalak eta merkataritza bide berriak. Batetik, aurkitu gabeko munduko gas erreserben %30, urrea, platinoa, diamanteak, ikatza edota arrain saldo erraldoiak eskuratzeko aukera ematen du. Bestetik, Txina eta  Rotterdam arteko bidea 20 egunetan egiteko aukera. Propultsio nuklearreko ontzi izotz-hausleak erabilita, duela urte batzuk izotzezko itsasoa zena  merkataritza bide bihurtu nahi dute orain. Kontuan hartuta gaur egun bide hori egitea 48 egun kostatzen dela eta munduko salgaien garraioaren hiru laurden itsasontzi bidez egiten direla, pagotxa ikaragarria da.

Hamaika adibide jar litezke, baina oinarria berbera da. Batzuek negozioa egiten dute zuzenean, eta beste batzuek ustezko kapitalismo berde baterako trantsizioa saltzen digute “ekologistaren” txapelaren azpian.  

Galdera honakoa da: zertarako egingo dute klima aldaketaren aurka bertatik negozioa egiten badute?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!