Andresek bizilagunekin ospatu ohi ditu Gabonak. Badu anaia bat, ezkondua eta hiru seme-alabekin urtero gurasoen etxera joan ohi dena Gabonetan otorduak egitera, urte guztian gero azaltzen ez bada ere. Andresek ez du harremanik anaiarekin; gurasoekin, bai. Baina maite-maite, bizilagunak maite ditu, eguneroko pozak eta penak haiekin partekatzen ditu, are gehiago aurten. Langile klasearentzat eraikitako auzo bateko adreilu gorriko eta bost solairutako etxebizitza batean bizi da Andres. Eta Natalia, etxepean dagoen Zulo tabernako kamarera, bizilaguna du. Ezker-eskuin bizi dira, laugarrenean. Gorriak eta bi ikusi ditu aurten Nataliak, eta bizilagunengatik ez balitz nekez egin ahal izango luke aurrera. Maria Pilarrek ere Nataliari eta Andresi esker izan du eguneroko ogia jateko aukera azken hilabeteetan. Euren etxebizitzak ez du igogailurik eta Maria Pilar bosgarrenean bizi da, Maripi deitzen diote maitekiro Andresek eta Nataliak. Sasoiko dago, baina 84 urte ditu, alarguna da eta seme-alabak urruti bizi ditu.

Gabonetarako buletin ofizialak irakurrita sustatzen da Andresek anaiarekin igarotzea Gabonak. Ez, ordea, Natalia edo Maripirekin.

Azken hilabeteetan indartu dira bi instituzio: familia eta lana. Odoleko familian ardazten ez diren harreman estuak gero eta dibertsoagoak eta ugariagoak dira, gizarteko zenbait sektoretan harridura eragiten badu oraindik ere. Ikusi besterik ez dago Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak familia eta ‘allegados’ aipatu zituenean, horrekin zer esan nahi zen galdetzen ziotenen aurpegikera. Ba al da ba familiatik haragoko zerbait?, esanez bezala. Ba sekretu bat kontatzera noa: bada, eta probatu ez duenak, ez daki zer den hau.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!