Aparkaleku erakargarriak

Gaur egun, kotxeak begibistan pilatzea gaizki ikusita dago. Turistek ez lukete argazki politak aterako. Baluarte edo Corte Ingles garai batean ziren orubeak jada ez dira aparkalekuak, baizik eta leku erakargarriak, nolabait esateagatik. Iruñeko erdialdeko begibistako aparkaleku haiek lur azpikoak dira gaur. Kotxeak ez dira ikusten, eta leku askotan (beti ere erdialdean) bertako auzokideen aparkalekuak ere eraiki dira.

 

Gaur egun, disuasioko aparkaleku hitz itsusi hori Iruñeko Udaleko webgunean klikatzen baduzu, Arrotxapea, Sanduzelai, Etxabakoitz eta Arrosadia auzoak agertuko zaizkizu. Milaka kotxe pilatzen dira denon begibistan, baina, kasualidadez, bakarrik auzo horietan. Hain justu, auzokideentzako aparkalekuak eraikitzen ez diren lekuetan. Paisaia itsusia da, baina periferiako auzoak direnez, berdin zaio Udalari (honi eta aurrekoei). Aparkatzeko lekua auzo hauetan daudenez, trafikoa hara bideratzen da: poluzioa, arriskua, zarata...

Gainera, disuasioko aparkaleku batzuk berdeguneak izan beharko lirateke, Udal Planak horrela agintzen duelako: adibidez Korralilloetan. Inori ez zaio bururatuko Gaztelu Bira edo Vaguada aparkaleku bat bihurtzea, Donibanen edo Iturraman aparkatzea Arrotxapean baino zailagoa bada ere...

Tira, aparkalekuak oso erakargarriak omen dira, segun eta non, jakina...

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!