Nafarroako salbatzaileak

Beti faszinatu dit pertsona batzuen autoperzepzioak: handikeria, baina apaltasunez jantzita. "Ni herriaren morroia besterik ez naiz; etorri naiz zuen aginduetara lan egitera, nire bizitza sakrifikatuz". Ni ez naiz inor, baina aldi berean ze garrantzitsua naizen, eta mundu guztiak jakin behar du. Ez dakit, badirudi lehia bat dagoela ahalik eta puntu gehien lortzeko, zertarako? Zerura sartzeko giltzak eskuratzeko? Besteen aitortza lortzeko?

Huskeri horien inguruan bueltaka nenbilen, eta elkarrizketa bat topatu nuen Cordovillako egunkarian, Volkswageneko enpresa batzordeko presidenteari eginda, UGTkoa.  Oso tipo garrantzitsua omen da, 17.000 langileen bizitzak (ilusioak, etorkizuna, ongizatea, soldatak, batez ere) bere eskuetan omen daudelako.

"Guk egiten dugunaren arabera...." eta horren ostean jar dezakegu nahi dugun edozer: langileen baldintzak, lantegiaren etorkizuna, Nafarroako existentzia bera... "Gure erkidegoaren interesak defendatzen ditugu" ere irakurri nuen elkarrizketa berean.

Lasai egon gaitezke, beraz, bere eskuetan gaude, eta ez multinazionalen edo bankuen atzaparretan... Nafarroako salbatzaileak beti gure ametsa zaintzen, guk jakin gabe.

Ze esker txarrekoak garen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!