Hizkuntza eskubideak ere berrogeialdian

Alerta egoeran gaude. Herritarren osasuna alertan, jendartearen  
ongizatea kolokan. Segurtasunaren izenean hainbat neurri hartu dituzte  
erakunde publikoek baina neurri horiek iragartzeko mezuek ez dituzte  
hizkuntza-eskubideak kontuan hartzen.

Egun hauetan zenbat mezu, jakinarazpen, ohar, gomendio… jaso ditugu,  
web gune, sare sozial, bando, gutun, posta elektroniko… eta ia dena  
gaztelania hutsean. Hor dabiltza ere, gure hiri eta herrietan  
Udaltzain, Foruzaingo, Ertzain zein bestelako poliziak megafonietatik  
oharrak emanez, gaztelania hutsean noski. Izan ere, horrelakoetan,  
askok txikikeriak dela uste dute hizkuntza-eskubideen errespetua zein  
bestelako eskubideen aitortza eta bermea eta beste  zenbaitetan bere  
garaian hartutako erabakien ondorio ere badira, adibidez lan-postu  
publikoetarako sarbidean euskara aintzat ez hartzearen ondorio.

Horrelako egoeretan garrantzia berezia du mezua ahalik eta pertsona  
gehiengana gertutasunez heltzea, hartzaileak ongi ulertuko duela  
bermatzeaz gaindi, gertutasuna transmititu eta kontuan hartzen  
ditugula adierazi beharrean gaude. Hori ere badelako zaintza.

Erakunde publikoek ematen dituzten zerbitzuetan egokitasuna, kalitatea  
eta segurtasuna ere bermatu behar dituzte.

Osasunarekin lotutako zerbitzu, erabaki eta neurri oro kalitate  
handienekoak izateko, hizkuntza-eskubideak ere, era egokian bermatu  
behar dituzte.

Beraz, egoera honetatik alor eta zerbitzu asko hobetzearen garrantziaz  
konturatzen ari garen honetan, badago zer egina zerbitzu horietako  
hizkuntzaren alorrean ere.
Egun hauetan, Hizkuntz Eskubideen Behatokian herritarren helarazitako  
hainbat kexa jasotzen ari gara, etorkizunean kontuan izango dituzte  
Erakundeek?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!