Kapitala

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2022ko abe. 2a, 12:36

Kapitalaren eta res publica edo erromatarrek politikagintzari, edo antzeko zerbaiti deitu zioten horren arteko harremanak ez dira beti leunak. Eta maitasun eta gorroto harreman horretan azkena Javier Taberna Nafarroako Merkataritza Ganberako buruak eta Chivite lehendakariak aste honetan izandako ezadostasunen adierazpen publikoa izan da. Lehenak zerga gutxi nahi dituela eta eskuinaren errezetak nahiago dituela bota dio; bigarrenak ordea, bost axola zaiola bere iritzia eta politikagintzan aritu nahi badu aurkeztu dadila hauteskundeetara. Gutxi gora behera. 

Inuzentea irudi lezake pentsatzea igaro dela oligarkiaren garaia eta ez gaudela XIX mendeko  aberatsen demokrazia zentsitarioan. Baina engainatuko ginateke pentsatuko bagenu XXI mendean politikariek bakarrik agintzen dutela eta enpresariek edo kapitalak ez duela esku hartzeko erraztasunik. Bere buruan barre ederrak egin zituen Tabernak Chiviteren erantzunarekin, ziur nago. 

Bada dioenik Espainian gobernuko presidenteak baino gehiago agintzen duela IBEX 35eko edozein buruzagik, demagun Iberdrolakoak. Eta Nafarroako Merkataritza Ganberako partaide da Iberdrola. Kasualitatea. Agian. Iberdrolan zuzendaritza karguetan dauden PSOEko hainbat kide egotea bezain kasuala. Esan bezala, barre ederrak egin zituen Tabernak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!