Badakite, bai

Ez naiz hasiko, beste behin, hezkuntzak euskararen normalizazio-prozesuan duen garrantzia azaltzen. Nafarroan, esaterako, hori oso argi ikusi ahal izan da. Pentsaezina litzateke gaur egun euskararen egoeran izan diren aurrerapausoez hitz egitea, hezkuntzatik zenbat hiztun berri etorri den kontuan hartu gabe.

Geuk badakigu, bai, hezkuntza zutabea dela, baina ez gara bakarrak. Aldekoek eta kontrakoek dakigu/dakite hezkuntzak zeresan ikaragarria duela euskararen garapenean. 

Duela urte batzuk, esaterako, Nafarroako Gobernuko orduko lehendakariak inolako lotsarik gabe adierazi zuen TIL eredua euskarazko ereduaren goraldia geratzeko jarri zutela abian. Argi genuen hizkuntzen esperimentazioarekin hasi zerenean, eleaniztasuna sustatzea baino, euskara zokoratzea helburu nagusi zutela, eta, azkenean, inolako konplexurik gabe telebistan hori berretsi zuen.

Aurrematrikulazio-garaian gauden honetan, ohartzen ari gara mugimendu desegokiak ari direla gertatzen euskarazko hezkuntzaren bueltan. Hor dugu Iruñeko eta Antsoaingo haurreskolen afera; Mendigorriako hainbat umeren gurasoek D eredua herrian jartzeko oztopoak salatu izana; alkateren batek herritarrei PAI ereduan matrikulatzeko eskaera gutun bidez egin izana …

Ez dakit. Iruditzen zait ezpatak zorrozten hasi direla berriz ere euskararen normalizazioari galga jartzeko. Hartara, ahoz aho, etxez etxe, auzoz auzo zabaldu beharko dugu kohesioa eta berdintasuna bermatzen dituen eredu bakarra D eredua dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!