Badugu nori begiratu

Joan da martxoaren 8a. Euskal Herri luze-zabaletik ileak lazteko moduko argazkiak eta bideoak zabaldu dira. Ahalduntze ariketa ikaragarria egiteko gaitasuna erakutsi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

Mezu argi bezain zuzena proposatu zuen mugimenduak, eta mezu horri atxiki zaizkio Leitza, Iruñea edo Tuterako plazak bete zituzten ideologia desberdinetako milaka eta milaka emakumeak: Heteropatriarkatu kapitalistari planto. Entzun nituen, bai, hainbat irrati-tertuliatan batzuk eta besteak lelo hori desegokitzat jotzen, edota lelo horrekin batzuk deseroso sentituko zirela aldarrikatzen. Tira… Eskerrak!

Mugimenduak zehaztu eta erabaki ditu mezua, leloa eta enparauak. Mugimenduak aurreikusitako beharrak eta aldarrikapenak jarri dira erdigunean. Mugimenduak erabaki du zeri eman garrantzia, inolako esku-hartzerik gabe, inolako beldurrik gabe. Eta, zer esango dut, horrela izan behar du.

Askotan esaten da euskalgintzak eta feminismoak badituztela elementu amankomunak, dela biak zehar-lerroak direlako, dela bietan zapalkuntza dagoelako atzean; dela biak ertzetatik erdigunera ekarri behar direlako.

Horrexegatik nago aurtengo martxoaren 8ari begiratu behar diogula geurea ere ertzetatik erdigunera ekartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!