Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Bagara batZuk, bai

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2017-04-06 14:36   Iritzia

Entzuleak ez dira, harrituko, ez, gaurko kolaborazioa egunotan euskararen aldeko mugimenduak antolatzen duen ekitaldi nagusienari, hunkigarrienari, handienari buruzkoa egiten badut.

Eta hirugarren baten hitzak hartzen baditut ere, inor gutxi harrituko da, denok egin ditugulako geure hitzok: Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbait, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala.

Eta, aitortzen dut esaldia idatzi ahala oilo-ipurdia jarri zaidala besoetan. Izan ere, KORRIKAk eta KORRIKAren inguruko guztiek hori eragiten didate: Zirrara.

Maite dut KORRIKA eta maite ditut milaka zoro zoragarri horiek. Gaur bertan ere KORRIKA birritan ukitzeko aukera izan(go) dut. Duela ordu bete eskas Martin Ugalde Kultur Parketik igaro denean. Arratsaldean, berriz, Santiago zubian elkarrekin zeharkatuko dugu Bidasoa KONTSEILUko zuzendaritza osatzen dugun eragileok eta Euskal Herriko instituzioetako ordezkariek, eta eskutik eskura emango diogu lekukoa elkarri. Horretarako ere balio du KORRIKAk.

Duela lau urte euskalakariak ginelako egin genuen korrika. Duela bi urte euskahaldun bilakatu nahi genuelako. Oraingoan, aldiz, BatZuk izan nahi dugulako. Izan ere, Euskal Herri euskalduna helburu dugunok askotariko mundua dugu amets. Euskaraz bizi nahi dugunok justizia besterik ez dugu aldarrikatzen, eta justizia egoteko euskaraz bizi nahi dugunoi eskubide hori bermatu behar zaio.

Goazen, beraz, mundu unibertsalagoa sortzera. Bat egitera. Zuk egitera. BatZuk egitera Goazen KORRIKAra!!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa