Black Thursday?

Egun batzuk ezer nabarmentzekorik gabe pasatzen dira, eta beste batzuek, berriz, berebiziko garrantzia izan dezakete. Aste honetako osteguna bigarren horietan sar dezakegu. Izan ere, bi gertaera garrantzitsu elkatu dira abenduaren 21ean, bat etxean, eta ez oso urrun bestea.

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran zerrenda bakarraren aurkako PSNren lege proposamena bozkatuko da ostegunean. Izquierda-Ezkerrak oposizioarekin bat egin du eta PSN, PP eta UPNrekin bozkatuko duela iragarri du. Hala ere, larunbatean Batzarreko militanteak zerrenda bakarraren alde agertu ziren. Ez da aurreikusten Izquierda-Ezkerrak bere posizioa aldatuko duenik, koalizioaren barruko desadostasunen aurrean bi parlamentarioek boto askatasuna baitute, baina ikusteko dago azken uneko Batzarreren erabakiak legeraren eztabaidan pisurik daukan ala ez.

Eta ostegunean bertan, beste momentu garrantzitsu bat. Gauean gure begiradak eta bihotzak Catalunyan egongo dira, eta horrekin batera, Bruselan eta Madrilgo kartzelatan. Oso kezkagarria izango litzateke demokraziak pairatu duen bidegabekeririk handienatariko bat Catalunyako gizartearen gehiengoak babestea. Eta ez dira nolanahikoak Catalunyako hauteskundeen emaitzek guztiongan izan ditzaketen ondorioak.

Urteko egunik motzena benetan ilunena izan daiteke. Edo ez. Agian gaurik luzeenak eguzkiaren izpiak oparituko dizkigu. Ostiralean Olentzero etorriko da ikastolara. Eskatu diodana ekarri izan badit, merezi duen bezala ospatuko dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!