Iruñeko Euskalgintza Nafarroa orekatuaren alde, ETB ixtearen aurka.

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2016ko mai. 7a, 01:26
UPNren politika antieuskalduna salatu nahi dugu, eta Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari afera hau lehenbailehen konpon dezatela eta euskaraz telebista gehiago izan dezagun bidea jar dezatela eskatzen diegu.

Iruñeko Euskalgintza Nafarroa orekatuaren alde.

 

Kontseiluak Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean ekainaren 4rako deitu duen manifestazioa prestatzen ari garenean etorri zaigu berria:  Maiatzaren 5etik aurrera ez da ETB ikusiko Nafarroa Garaian.

 

Euskaraz bizitzeko beste hizkuntzek  beren herrietan izaten  dituzten bitarteko berak nahi ditugu guk ere, Nafarroan gaztelaniak dituen baliabide berak eskatzen ari gara “lehen mailako pribilegiatuak” omen garen hiritar euskaldunok.

 

Bidea zabala eta erosoa nahi dugu euskaraz ibiltzeko, ziztuan ere ibili ahal izateko. Ez dugu harri kozkorrez eta oztopoz bide ibili ezina nahi. Guk ere komunikabideak nahi eta behar ditugu, euskarazko komunikabideak. Ahalegin handien ondoren erdietsi genuen euskarazko egunkari bat, 2003an, indarrez hetsi zigutena. Euskarazko telebistak ikusteko ere gogor saiatu gara, eta, bereziki, ETB Nafarroa osoan ikusteko urtetan aritu gara borrokan. Nafarroako Parlamentuan berean ere ETB jasotzearen aldeko erabakia onartu izan da. Jarri da eta orain atzera bota du Espainiako Gobernuak.

 

UPNk orain egun gutxi egindako X. Kongresuan  hauxe zioen: “Nafarroa maite dugu, den bezalakoa, plurala eta orekatua”  Non dago oreka? UPNk Nafarroan euskal telebista ikus ez dadin egindako salaketa orekaren bila egindakoa ote da? Zenbat komunikabide dugu –hauetako asko guztion dirutik ordainduak- erdaraz eta zenbat euskaraz?

 

UPNren politika antieuskalduna salatu nahi dugu, eta Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari afera hau lehenbailehen konpon dezatela eta euskaraz telebista gehiago izan dezagun bidea jar dezatela eskatzen diegu.

 

Iruñean 2016ko maiatzaren 4an.

 

Iruñeko Euskalgintza.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!