PAI gora, PAI behera.

Hezkuntzako mundu sindikalak batera eskatutako gelditzea datorren ikasturterako aurreikusita dago, PAI programaren ebaluazioa egin eta mahai gainean egia osoa jartzen den bitartean. Datorren ikasturtean gelditze hori egin behar ez izatea nahi nuke, ebaluazioa bukatu eta PAIren atzean ezkutatzen dena aski ongi jakiteagatik. Hortik aurrera, norberak nahi duena aukera dezala! Kasu horretan, egia aurrean izanda, sendiak izanen dira euren hautuaren erantzule. Orain, ez; orain, kaltetuak dira.

PAI GORA, PAI BEHERA

 

Iragan irailaren 17an, Nafarroako Parlamentuan UPN, PPN eta PSN alderdiek hiru mozio aurkeztu zituzten (bakoitzak berea), irakaskuntza publikoan PAIren zabalpena atzeratzeko  asmoa aurrera ez eramateko eskaera berbera egiteko Gobernuari.

 

UPN eta PPN alderdiena ulergarria izan daiteke, eskuineko bi alderdi direlako, publikoan gutxi sinesten dutenak. Publikoa dena zikintzeko eta pribatizatzeko gehiago dira alderdi horiek. PSNrena, ordea, benetan tamalgarria da. Ezkerrekoa eta publikoa denaren defendatzailea dela dioen alderdiak eskuinaren tesiak defendatzeko horrela sartzea ere, gai honetan beste autonomia elkargoetan aurkakoa egiten ari denean...

 

Hiru alderdi horiek eta bereziki PSNk ez al dute gogoratzen iaz Hezkuntza Departamentuan PAIko buruek ikasturtea hastear zela dimititu egin zutenik? Eta Hezkuntzako sindikatu guztiek (zerbait jakinen dute gai honetaz) programaren ebaluazioa eta zabalpena atzeratzea eskatu zutenik eta batzuek PAIren behin betiko gelditzea ere? Orain AFAPNA atzera egiten ari da, iazko hitzak ahaztuta (“PAI presaka, korrika eta gaizki ezartzen ari da”). Bere gogaidetasun politikoak zer ikusirik izanen du horretan?

 

Modu bitxian batez ere familia xumeentzat dituen “onurak” azpimarratu dituzte hiru alderdiek Parlamentuko euren hitzaldietan, ingeles hiztunak diren herrialdeetan hilabete batzuetako egonaldiak sendi horiek seme-alabei ordaintzerik ez dutenean, ezta hemen ingelesa ikasteko eskola partikularrak ere. Hiru alderdi horiek eta batez ere Parlamentuan euren izenean hitz egin zuten hiru lagunek ez al dute irakurri Carlos III. Unibertsitatearen txostena? Bertan dio, hain zuzen ere, TIL (orain PAI) esperimentu honen kalteturik nagusienak sendi apalen seme-alabak direla, ume horiek ingelesa ikasten ez dutelako, kasu askotan ingelesa gorrotatzen amaitzen dutelako eta edukien ikaskuntzan gainontzeko ikasleen aldean oso atzean geratzen direlako. Pedro Piedras Monroy itzultzaile eta idazleak “Elebitasunaren izurritea” bere artikulu erabat gomendagarrian dioenez:

 

“Eredu elebidunari esker, ingelesez gero eta hobeto adierazterik izanen dute gure seme-alabek beren ezjakintasuna, guk liburu pareak erosteko diru zorroa prestatzen dugun bitartean, orain bi behar baititugu (ingeleseko bertsioa eta gaztelaniazkoa), haurrek eta guk zerbaitez jabetu nahi badugu.... Argitaletxe batzuentzat negozio ederra! Hauek ingelesa jakiteaz gain, latina ere badakite!”

 

Zuek oso ongi dakizue esperimentu hau porrotera bideratuta dagoela eta iruzurra dela, eta pribatuan aitortzen duzue, baina aurrera segitzen duzue oraindik botoak ematen dituela dirudielako. Erantzukizun falta handia dago jarrera horretan eta txarrena da ikasle askoren etorkizunarekin jolasten ari dela.

 

Zabalpena ez da atzeratu ikasturte honetan, oraingo Gobernuak (irizpide ona erabilita) auzi bat sortu nahi izan ez duelako, matrikulak eginak eta irakasleak esleituta, ikasturte hasiera bete-betean izanik. Ikasturte honetan zabalpena atzeratzeak onurak baino gehiago kalteak ekarriko zituen. Hezkuntzako mundu sindikalak batera eskatutako gelditzea datorren ikasturterako aurreikusita dago, PAI programaren ebaluazioa egin eta mahai gainean egia osoa jartzen den bitartean. Datorren ikasturtean gelditze hori egin behar ez izatea nahi nuke, ebaluazioa bukatu eta PAIren atzean ezkutatzen dena aski ongi jakiteagatik. Hortik aurrera, norberak nahi duena aukera dezala! Kasu horretan, egia aurrean izanda, sendiak izanen dira euren hautuaren erantzule. Orain, ez; orain, kaltetuak dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!