Betis-Osasuna: puntuak eskuratzeko premia larria

Igandea 12:00 / Benito Villamarin

[Albistea Taxoareko Hitzan]

Betisen aurkako partidua irabaziko ez balu, hamar jardunaldira egin beharko genuke atzera Osasunaren azken garaipena ikusi ahal izateko Bartzelona B-ren aurka Mini-Estadin. Tarte horretan, jokalari aldaketak, entrenatzaile berria, partidu adosteak eta osasuna auziaren leherketa eta taldeak gola lortzeko dituen zailtasunak albiste izan dira. Azken neurketetan taldeak irudi hobea eman arren, puntuak lortzeko beharra etengabe areagotzen ari da Iruñean. Mateok nahi duen taldea Sporting-en aurkako bigarren zatian ikusi ondoren, bigarren zati hori errepikatzea da helburua. Bigarren zati hori errepikatu eta noski, gola sartzea. Puntuak jokoaren aurretik.

Etxetik kanpo jokatutako neurketetan emaitzak onak izan ez diren arren, gogoratu behar da Osasunak garai hartan Bigarren Mailako liderra zen Las Palmas taldeari irletan irabazi ziola. Garaipen hura Osasunaren denboraldiko momentu gozoenean etorri bazen ere. Egun, egoera guztiz bestelakoa da. Zurrunbilo batean erabat sartuta dago, alde batetik taldearen maila eskasa eta bestetik “Osasuna auzia”-k gogor jotzen dutelarik. Hala eta guztiz ere, badirudi taldearen mailak zertxobait gora egin duela azken neurketetan eta frente horren okerrena pasatu dela.  Mateoren eskua nabaritzen hasia da eta taldeari asko hobetzeko geratzen zaion arren, bide horri ekin diola ematen du. Mailak gora egin badu ere, maila baino garrantzitsuagoa da momentu honetan puntuak lortzea. Puntuak jokoaren aurretik. Jaitsiera postuetan dauden Racing eta Recreatiboren porrotak ez zituen behar bezain ondo baliatu Sporting-en aurka Osasunak Sadar futbol zelaian. Asteburu honetan berriro ekingo zaio joko horri, eta galdu ezkero Osasunaren egoera asko belztuko litzateke.

Sporting-en aurka ateratako hamaikakoak zalegoa harritu zuen. Loties eta Oier hamaikakoan ezarri zituen eta biek ala biek irudi ona eman zuten. Irudi ona eman arren, erritmo falta eta nekea dela zirela medio bigarren zatian Mateok aulkira eraman zituen. Aste honetan euren selekzioekin egondako Nekounam, Ansarifard eta Loe berriro ere hautatzeko egoeran izango ditu Mateok. Ziurrenik hiruak sartuko dira deialdian, baina ikusteko dago hamaikakoan aldaketaren bat izango den. Riesgo atean jarraituko duela ematen du, eta defentsako lerroa ere Sporting-en aurka ateratako berbera izango da seguru asko. Zelai erdian dago gakoa, Torres, Sisi,Cedrick eta Merino hamaikakoan izango direla ontzat emanda, Loek agian David Garcia ordezkatu lezake. Aurreralri moduan Nino arituko da.

Behetik gora dator Pepe Mel-en  Sevillako Betis taldea. Velazquez kendu eta Mel ezarri zutenetik dator gorakadan Sevillako taldea. Talde sendoa da, goiko lerro beldurgarria duena, Ruben Castro izar nagusi modura. Denboraldi hasieran kili-kolo ibili ostean, Mel-en itzulerarekin taldeak behar zuen egonkortasuna lortu eta bere jokoa goitik behera aldatu du. Las Palmas liderra garaitu ostean lehen postua lortu eta lehen mailara zuzenean igotzeko egoera ezin hobean dago Mel-en taldea. Sadarren jokatutako lehian, baina, Osasuna atera zen garaile. Lehen zatian Osasunak itxura negargarria eman eta Velazquez-en Betis huts eta bi jarri zen aurretik. Bigarren zatian itxura ikaragarri aldatu zuen Osasunak eta Adanen huts bat Onwuk baliatu zuen amaierako hiru eta bikoa markagailuan ezartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!