Aukera galdua

Duela urte bete foru eta udal hauteskundeetan sartuak geunden, bete betean. Orduko horretan inork ez zekien zer gerta zitekeen; indar aurrerakoiek aldaketaren aldeko apustua egina geneukan eta jendarteari hori bera helarazten ari ginen, herriz herri, han-hemenka, argi eta ozenki.
Kanpina horren emaitza zein izan zen denok badakigu. Zenbakiek aldaketarako aukera zabaldu zuten eta indarrok, lau indarrok, landu eta lotu genuen lotu beharrekoa, aldaketa ahalbidetze aldera.
Geroztik zer gertatu den ere agerikoa da.
Nafarroako Gobernuan aldaketa urtea betetzear den honetan hilabeteotan egin den guztia azaltzeko modurik eraginkorrena diseinatzen egon beharko ginateke, Aldaketaren lehenengo urtemuga ospatzeko jardunak osatzen eta jendarteari azaltzen, lauon artean, egindako elkarlanaren emaitza oparoak.
Aldiz, hori egitetik urrun gabiltza. Beste kanpina baten atarian gaude eta Estatuko hauteskundeek aurrea hartuko diote Nafarroako egoerari, hemengo aldaketaren egiari. Interes espainiolek aginduta, Aldaketaren lau indarrok bat egiteko aukera galdu dugu. Gure aburuz, Nafarroan gauzatu den aldaketak estaturako eredu izan beharko luke eta hori bera indarrean jarriko dugu kanpainan, ekainaren 26an Nafarroari bai esateko gonbitea luzatuz jendarteari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!