Barcinaren gaizkiulertuak

Erabiltzailearen aurpegia Maria Solana 2015ko eka. 8a, 14:11

Ez da Barcina oker dabilen bakarra. Alderatzean Euskal Autonomia Erkidegoko mapa politikoa eta Nafarroakoa, ezin da erabateko translazioa egin eta pentsatzea bertan EAJk eta hemen UPNk paper, rol edota politikan eginkizun berbera dutenik, inondik ere.

Euren desesperazioan, anitz dira egunotan UPNk EAJri egindako eskariak eta EAJrengan jarri nahi izan duen erabakiak hartzeko ardura. Nafarroako EAJ da, jakina, Geroa Bairen parte. Horraino. Geroa Bai koalizio nafarra da, Nafarroan soilik aurkeztu dena eta bere proposamenak Nafarroari begira eta Nafarroatik abiatuta egiten dituen koalizioa. Nafarroaren errealitateari erantzuteko gai den koalizioa. Horretan gabiltza eta horretan jarraituko dugu.

UPNk  barneratzen hasi beharko du nafar jendarteak erabaki duena; baina, hainbeste gabezi demokratiko dituen alderdi batentzat zaila izan behar du onartzea eman den emaitza eta herritarron erabakitzeko eskubidea, lau urtetan behin botoa ematea dela uste duen alderdiarentzat, jakina, ulergaitza da aitzinera zabalduko den panorama.

Zenbakiekin ongi aski moldatzen ez direla argi utzi digute UPNkoek. Irakurtzen ere, ez omen dira oso trebe eta geografia eta historian, agerikoa denez, nahiko berde dabiltza. Behintzat Madril non dagoen argi dutela jakin badakigu.

Ez dakit legealdi batekin nahikoa izango duten ulertzeko nafar gizarteak esateko duena; akaso epe luzerako kontua izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!