Hala bada, hala bedi

Erabiltzailearen aurpegia Maria Solana 2015ko api. 27a, 13:56

Atzokoan gosari aparta izan genuen. Normalean gosaltzeko Diario de Navarra hartzen duen gero eta jende gutxiago dago, izan ere, ez omen da oso digestiboa. UPNren indi-gestioz beterik datorren egunkaria izan ohi da. Atzokoan, aldiz, CIES bezalako iturriak emandakoa geneukan menuan: Ikesta mamitsua.

Takada batean irentsi baino, horrelakoak hobe zatika hartzea, parte bakoitza dastatuz.

Horretan saiatu nintzen. Puska handiena Aldaketarena izan zen. Orain arte argitara eman diren inkesta orotan ikusi ahal izan bezala, honetan ere, osagai nagusia bada argi geratzen dela jendartearen aldaketa-gogoa. Behin hori ongi ongi mastekatu eta gero, zati txikiagoei ekin nien. Hortxe, aurrean, bufet librea neukan. Eta horretan, UPNren 14-15 bat ale, Geroa Bairen 9, Podemosen 8, EHBilduren 7, PPren 3, Ciudadanosen beste 3 eta agortzear dagoen IEren bat.

Kontuan edukita UPNren, PPren eta Ciudadanosen aleak nire dietan sartzen ez direla, gainontzekoekin osatu behar platera. Eta hortxe, plateran sartu nituen gainontzeko guztiak, Geroa Bairen aleen kolore gorria zelarik nagusi.

Gosari oparoa, ale gorriak buru, anitza, bitaminas betea hartu nuen atzo bada. Orain gutxi, Diario de Noticiasek argitara eman zuen bere inkesta eta orduko horretan askok nabarmendu zuten aski sukaldatutakoa zela. Nonbait eskola bereko chefa konpartitu dute egunkari biek… Hori edota benetan nafar ortuan dagoena inkesta bietan adierazitakoa da. Osagai oso antzekoak, proportzio oso antzekoetan.

Eta gosaldu bitartean, Diario de Navarraren analisia irakurtzeko modukoa. Ez dut nik esaten, Diario de Navarrak baizik: Uxue Barkos da denetan Aldaketarako buru, aldaketa  ahalbidetu dezakeen gobernu koloreanitzaren buru.

Gosarirako proposamen zaporetsua izan den hau, aitzinera nire eguneroko menuan sartzeko asmo argia dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!