Aldaketa kulturala

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2022ko eka. 13a, 12:06

Ongi dakigun bezala, Euskal Herria sekulan izan ez den kimera da, entelekia, mamua, eta mugaz honaindi Nafarroa foru komunitatea berezi eta bereizia da, Euskal Autonomi Erkidegoarekin deus ikustekorik ez duena. Tira, deus ikustekorik ez duena, zer ikustekoa izaten duenetan izan ezik. UPNren garaietan, konparaziorako, ez zen hain arraroa mendebalde arrotz hartan hartutako erabakiak gogora ekartzea, hemen hartu nahi izaten zituzten erabakiak justifikatzeko. Eta erabakiak diodalarik, erabaki bidegabeak erran nahi dut. Osasunari –Osasuna futbol taldeari, erran nahi baita– zorra barkatzea, adibidez.

    Horregatik, aski kezkagarria iduritzen zait nafar baskoiengandik arrunt diferenteak diren bardulo, karistio eta autrigoien lurraldean gertatzen ari den aldaketa kulturala. Aldaketa horrek osasunarekin du zerikusia, baina oraingoan ez futbol klubarekin, osasun sistema publikoarekin baizik. Labur erranda, hondatzera deliberatu du EAJko gobernuak, baina horri aldaketa kulturala deitu dio, osasun zerbitzuen kaskartzea izen itsusia delakoan naski.

    Afera oraindik kezkagarriagoa da aintzat hartzen badugu hango kultura berria honaino ailega dadin Navarra Sumak ez duela zertan gobernura itzuli. Loturarik bada EAJren eta Geroa Bairen artean, eta kontua sistema publikoa hankaz goiti paratzea bada, PSN berehala batuko zaio proiektuari.

    Zein da osasun sistema hoberena, publikoa edo pribatua? Behin baino gehiagotan egina zaigun galdera horri erantzun beharrean, ni kontent nintzateke behingoz bertze honi erantzuteko aukera izanen bagenu: zein sistema nahi dugu onena izatea, publikoa edo pribatua? Horretarako, jakina, osasunaren eskubidea negozio bihurtu nahi ez duten politikariak beharko genituzke. Hori bai litzateke aldaketa kulturala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!