NUPek ikasleentzako lankidetza bekak eskatzeko epea ireki du

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Unibertsitate Publikoa 2016ko ira. 19a, 14:27

75 laguntza emango dira, eta horietatik bost unibertsitatean ikasten jarraitzeko zailtasun ekonomikoak dituzten unibertsitateko ikasleentzat izango dira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2016-2017 ikasturtean ikastegietan eta sailetan lankidetza bekak lortzeko eskabideak aurkezteko epea ireki du. Guztira 75 laguntza ekonomiko emango dira, eta horietatik bost unibertsitatean ikasten jarraitzeko zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzat izango dira. Interesa duten ikasleek urriaren 7ra arte dute epea lankidetza proiektu bat aurkezteko ikastegi edo sailetako batean. Eskabidea eta gainerako dokumentazioa Iruñeko eta Tuterako campusetako erregistroetan aurkeztu behar da urriaren 10etik 14ra bitartean.

NUPeko lankidetza beken helburua da ikasleen prestakuntza handiagotzea, bakoitza ikasten ari den ikasketen eremuaren barruan, eta profesional eta ikertzaile bezala daukan etorkizuna bideratzen erraztea. Beka bakoitzaren diru-kopurua 1.050 euro da, eta beka jasotzen dutenek astean bederatzi ordu sartu beharko dituzte aurtengo azaroaren 2tik  2017ko apirilaren 28ra bitartean.

Laguntza mota hauek 2016-2017 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko bigarren zikloko, graduko edo masterreko ikasketa ofizialak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude. Deialdi honetan parte hartzeko, oinarriek ezartzen dute beharrezkoa dela graduko ikasleei 120 kreditu baino gutxiago falta izatea beren ikasketak bukatzeko, gradu amaierako lanaren kredituak ere barne.

Eskatzaile guztiek proiektu bat aurkeztu beharko dute, eta bertan aukeratu duten ikastegian edo sailean egingo diren lanak, arduraldia, eta garatuko dituzten zereginak zehaztuko dira. Ikastegiak edo sailak behar den bezala bermatu behar du proiektu hau, eta eskatzailea egiten ari den titulazioko enborreko edo nahitaezko irakasgairen bati buruzkoa izango da.

Balioesteko irizpideak

Hautaketa egiterakoan kontuan hartuko dira proiektuaren izaera berritzailea, garatuko den ikastegi edo sailean duen aplikazioa, lankidetza edo ikerketa proiektu berrietan lanarekin jarraitzeko aukera, teknologia berriak sartzea eta ikasketa espedientea. Behar ekonomikoak dituzten ikasleentzat gordetzen diren postuen kasuan, aurreikusi da Gizarte Ekintzarako Unitateak egoera justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa balioets dezan, gehienez ere sei punturekin.

Beka orokorretarako onartuen behin-behineko zerrenda heldu den urriaren 21ean jarriko da NUPeko iragarki-oholetan eta webgunean. Zilegi izango da erreklamazioa aurkeztea urriaren 24tik 26ra bitartean, eta urriaren 28an behin betiko zerrenda argitaratuko da. Zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleen hautaketen emaitzak pertsonalki jakinaraziko dira posta elektronikoaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!