Zergatik egin dugu negar tipula ebakitzean?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2018ko api. 16a, 18:44

Mozterakoan tipularen zelulen eta barruko osagaien paretak apurtzen ditugu, bi molekula (alinasa eta sulfoxidoa) kontaktuan jarriz.

Tipula zatitzean, negar egiten dugu askotan. Zer dela eta gertatzen da hau? Ba al dago modurik hau ekiditeko?

 

Tipula, bere familiako bertze barazki batzuk bezala (porrua eta baratxuria adibidez) sufre asko harrapatzen dute lurretik. Gogoan izan behar dugu sufrea garrantzitsua dela edozein landarerentzat, bizitzarako beharrezkoa bait da (proteinetan etab aurkitzen da).  Tipulak honetarako bakarrik ez, sufrezko beste konposatu batzuk ditu, beste funtzioekin. Beste gauzen artean, sufrezko osagai hauek ematen diote tipulari bere zapore bereizgarria. Baina ez bakarrik zaporea...

 

Tipulak molekula berezi bat du, sufrea bere osagaien artean dagoelarik. Izena konplikatua da (trans-(+)-S-(1-propenil)-L-cisteina sulfoxidoa), sulfoxido mota bat da. Molekula hau tipulen zeluletan aurkitzen da bilduta. Molekula hauekin kontaktuan egon gabe, entzima bat dute timulek, alinasa izenekoa. Tipula moztu gabe (ala kosk egin gabe) bi osagai hauek banatuta daude.

 

Zer gertatzen da ba tipula moztean? Kasu honetan, zelulen eta barruko osagaien paretak apurtzen ditugu, eta bi molekula hauek (alinasa eta sulfoxidoa) kontaktuan jartzen ditugu. Honen ondorioz, erreakzio kimiko bat gertatzen da, eta sufrea duen gas bat sortzen da, propanotiala (Syn-propanotial-S-oxidoa). Molekula hau tipulatik lurruntzen da, eta gure begietara heltzen da. Propanotial honek gure begietako urarekin nahastean, azido sulfurikoa sortzen da, eta honek gure begiak irritatzen digu, negarra eraginez. Laburbilduz:

 

  • Moztu aurretik: sulfoxidoa eta alinasa banatuta.
  • Moztu ondoren: biak elkartu, propanotial gasa sortu, hau gure begietara eta bertan azido sulfurikoa.

 

Mekanismo hau tipulak jaten zuten animaliengandik babesteko mekanismoa da. Nola ekidin dezakegu hau gertatzea? Prozesua ikusita, modu desberdinak ditugu:

 

  • Sulfoxidoa eta alinasa ahalik eta gutxien erreakzionatzeko, ongi moztu behar da tipula. Laban on bat, tipularen “haragia” ahalik eta gutxien apurtzen duena (eta begietatik ahalik eta urrutien).
  • Erreakzio hori motelduz: erreakzioa moteltzeko, tenperatura klabea da. Tipula frigoan gordeta, erreakzio kimikoa motelago gertatuko da, eta propanotial gas gutxiago sortuko da.
  • Utatik pasata. Tipula zurituta (tamainaren arabera zati handitan zatituta) uretatik pasatzean, sortutako propanotial asko kendu dezakegu. Iturriko urarekin erreakzionatu, eta ez da lurrunduko.
  • Eta, beste modu bat ere badago: gasa gure begietara ez heltzeko, igeri egiteko ala buzeatzeko betaurrekoak erabil daitezke!

 

Hori bai, etxean egin beharko dugu bakarrik, erridikulua egiten dugula iruditzen bazaigu…

 

Duela gutxi, ere, negarra eragiten ez duen tipula transgenikoa garatu dute. Tipula transgenikoa osasunerako bestea bezain ona ala txarra da, baina ez du negarra eragiten duen sustantziarik. Gaurkoan ez dugu denbora gehiagorik, baina hurrengo batean transgenikoen inguruan hitz egin daiteke, beti ere zientziaren ikuspegitik. Izan ere, Iruñea transgenikorik gabekoa izatea onartu da, baina… transgenikoak benetan txarrak al dira? Hurrengo saio baterako utziko dugu erantzuna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!