Bart izarrei so gelditu naiz

Agur. Bart izarrei so gelditu naiz. Eguratsa garbiagatik ederki ikusi dut izarren dirdira. Hain zuzen, eguratsaz kezka agertzeagatik jazarri zaie polizia manifestariei Parisen. Antza, Nazioarteko batzarrean neurri eraginkorrik erabaki ezean, Lurraren klima gero eta jasangaitzagoa bihurtuko zaigu. Kliman eragin zuzena omen duten petrolio ekoizleen interesak Parisen izanen dira; horien artean "yihad" aldarrikatzen duten talde armatu batzuen sustatzaileak. Planeta osoan "entropia" gora ari delarik, haien interesen defentsan, emir eta bertze agintari batzuk mundu osoko populazioaren interesen kontra arituko dira.

Bart izarrei so gelditu naiz. Bada, izarren pareko dirdira izan dute asteburuan izan ditudan solasaldiek. Izarbeibarrean eginiko festaldi batean anitz jende ezagutu dut, eta eleketa luze bezain interesgarriak adi-adi segitu ditut. Neurgaitzak diren informazioz eta datuz beteriko solasaldiok pentsarazi didate: ordenagailuak baikinan "prozesatzen" ditugun informazioek unibertsoan eraginik al dute?

Bart izarrei so gelditu naiz. Izartegia bera ikusi dut pilotalekuan; horma jotzen duen pilotakada bakoitza unibertsoari egiten zaion galdera bailitzan. Pilota da galdera; hormako erantzuna, ordea, unibertsoaren hitza. Benetan ulertzen al dugu pilotaren jokoa?

Ustekabean, Irujok galdu duela erran dutelarik, izarrak ikustera atera naiz. Pilotalekuan ikusitakoa izarren joko-zelaian irudikatu dut: pilotaren parabolan ere indar eta adur ari baitira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!