Printzearen harresia gotortua

Erabiltzailearen aurpegia Irati Goikoetxea 2023ko mai. 16a, 17:16

Hamar hilabete ditu Xendak. Irailean hamalau izango ditu. Arrosadiako Printzearen Harresia haur-eskola publikoan tokitxo bat izan zezan aurrematrikula egin genuen martxoan. Zerbitzu publikoa, kalitatezkoa, euskalduna eta gertukoa nahi dugu alabarentzat. Ez dute onartu. Ez lehenengo aukeran, ez gainerako bostetan. Ez gara onartu ez gaituzten bakarrak. 1.574 eskaera egon dira. 686 plaza zeuden eskuragai. 1.574 eskaerari erantzuteko 686 plaza. 1.574, 686. Etxe ondoan, auzoan, ezin eta hamalau hilabeteko haurra autoz mugitu beharko dugu Iruñetik kanpora; korrika-korrika ordu erdiko bidea egin beharko dugu bestela Iruñeko beste auzo batera. Publikoa, kalitatezkoa, euskalduna eta gertukoa nahi dugu alabarentzat. Auzoan badugu halakorik. Baina tokirik ez. 1.574, 686. Auto asko ikusten ditut goizetan auzoko haur-eskola inguruan. Beste auzo batzuetatik etortzen dira nonbait haurrak. Hemengoak hara, hangoak hona, tartean korrikaldiak, estresa, itolarria, tentsioa, aitonak, amonak eta zalapartak. Hori bai, hiru urtetik gorako eskoletan udala eskolarako oinezko bideak bultzatzen dituen proiektua martxan jartzen ari da. Zero-hiru adin tartean: 1.574, 686. Publikoa, kalitatezkoa, euskalduna eta gertukoa nahi dugu alabarentzat. Baina aukerarik ezean, alferrik hautua egitea. Auzo bakoitzak eskaeraren neurriko eskaintza behar luke.

Bakarren batek pentsatuko du, "Bai, noski, zuk dena nahi duzu!". Ba, bai, noski, nik dena nahi dut, publikoa, kalitatezkoa, euskalduna eta gertukoa. Bizitzaren oinarriak finkatzeko ezinbestekoa den etapaz ari garela kontuan hartuta, bai, nik erabakiak hartzeko aukerak nahi eta behar ditut. 1.574, 686. Ez dago asko pentsatu beharrik zerbaitek huts egiten duela ondorioztatzeko. Espazioak sortu eta duintasun osoz lan egingo duten hezitzaileak kontratatu beharko lirateke. Espazioak sortu eta duintasun osoz lan egingo duten hezitzaileak kontratatu beharko dira. Bai, dirua jarri beharko da horretan. Diru asko, eta zer? Oraindik bozkatzeko adinean ez dauden 0-3 urteko haur horien guztien eskubidea da zerbitzu publikoa, kalitatezkoa eta gertukoa izatea. Eta euskalduna nahi badute, euskalduna izatea.

Irati Goikoetxea Asurabarrena 
2023-5-16

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!