Zer kontatu. Zer esan. Zer aipatu. Zer aukeratu hasteko. Zer erabili ilustratzeko. Kontakizuna errelato bihurtu edo errelatoa kontakizun. Hemendik tira egin edo hortik bultzaka segi. Hamar urte. Hamar urte bete dira egunotan ETAk bere jardun armatua behin betiko utzi zuenetik. Hamar urte. Eta hitza hartu du batek eta mikrofonoa besteak eta elkarrizketatu egin dute hura eta artikulua idatzi du honek eta 140 karakteretara mugatu du begirada hark eta argazki batek mila hitzek baino gehiago balio duela errepikatzen ari da hau. Harrabotsa. Zarata. Balio handikoa, baina zarata. Nor bere hitzen arrimuan, amarruan, amorruan irakurri nahiko genituzkeen hitzak idazten eta idatzi nahiko genituzkeenak irakurtzen. Bitartean, gureez haragoko zirkuluetara iritsi ezinik jarraituko dugu, zer horretan kateatuta moduari arreta jarri gabe. Zer hori nola kontatu, eta batez ere zer hori nola entzun. Nolakotasunak jarrera behar du eta jarrera landu egiten da. Belarriak nola ireki, entzuten duguna nola barneratu, barneratzen duguna nola bideratu, bideratzen duguna nola gauzatu. Gazteak ditugu ahotan, sarri kontzeptu baino ez diren belaunaldi berriak, etorkizuna, ume zirenak eta gaur gaztetxo direnak, ez zirenak eta orain badirenak. Kontatu behar diegula argi samar dugu, zer kontatu sokatiran jarraitzen dugun bitartean, has gintezke bihotz-haragizko belarri humanoak hezten. Alferrik kontatuko baitugu hau eta bestea hizketan ari den hori nola entzun, nola barneratu, nola bideratu ikasi ez badugu. Has gintezke bihotz-haragizko belarri humanoak hezten. Unibertsitateetan antolatzen diren jardunaldietan belaunaldi berriek kontzeptu izateari utzi eta belarriak presente eta aktibo izan ditzaten. Hori ere badelako gure ardura.  

 

Irati Goikoetxea Asurabarrena

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!