Suari kea dario

Orain dela urtebete irrintzi plaza honetan bertan oihartzun bihurtutako
irrintzian Elederrek eginiko galdera plazaratu nizuen. Hiru urterekin hala esan zidan:
“Ama, zergatik erre behar dugu Mielotxin?”. Hala behar zuen eta iaztik urtebete pasa
da; aurten lau urte ditu Elederrek. Lanketa polita ari dira egiten eskolan; ikasi ditu
Nafarroako inauteriekin lotura duten pertsonaia eta herri ia guztiak: Lantz, Zubieta,
Ituren, Altsasu, Mamotxorroak, Mielotxin, Ziripot, Zaldikoak, Txatxoak, Hartza,
Inudeak, Artzainak, Zanpantzarrak. Oraingo honetan napartu zait Eleder ia ehuneko
ehunean. Orain dela hamar egun eskolan irakurritako ipuina kontatuz etorri zitzaidan:
“Bazen behin Mielotxin, deabrua bezain gaiztoa eta bihurria, eta horregatik erre egin
zuten…”. Eta ama, ni alegia, lanean eta lanetik kanpo egunero indarkeriaren zantzu oro
zilegitasunik gabe uzten saiatzen naizena, dardarka gelditu nintzen lau urteko umearen
aurrean. Beraz, hori zen orain dela urtebete Elederrek berak egindako galderaren
erantzuna. “Ama, zergatik erre behar dugu Mielotxin?”. Horregatik, beraz. Gaiztoa eta
bihurria delako. Tira, handik pare bat minutura argitu zidan kontua: “Gaiztoa eta
bihurria delako ez, ama, gaiztoa eta maltzurra delako”. Deabrua bezain. Irati, zer egitea
dagokizu? Berehala izan nuen argi. Bat, Elederrekin hitz egin, hitz egin eta hitz egin.
Astebete daramagu solasean eta eztabaidan, puntari punta zorrozten, elkarrengandik
asko ikasiz. Eta bi, eskolako zuzendaritza taldeari eztabaida-gaia mahai gainean jarri.
Ipuinak ez direlako ipuin eta kito. Panpinak ez direlako panpina eta kito. Tradizioak ez
direlako tradizio eta kito. Heriotza zigorraren aurka dagoen euskal gizartea izango ote
da tradizioak ohitura hezigarri bihurtzeko gai! Irudimena. “Ama, zergatik erre behar
dugu Mielotxin?” Mielotxin erretzeko arrazoirik ez badago, ez ote da egongo!, akaso,
Mielotxin erretzeari utzi beharko diogu. Irudimena eta konpromisoa. Txiki-txikitatik.
Batez ere, txiki-txikitatik.

Maltzur eta deabru kontuak, ene, zer ote da bihurri, gaizto eta maltzur izatea,
zer ote deabru izatea, horiek beste plaza baterako kontuak, horiek beste irrintzi
baterako kontuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!