Astebete da berrogeita hiru egun etxean batere-batere atera gabe egon ondoren, Elederri eskua eman eta kalera atera nintzela. Lore bila, berde antsiz, beste inor ezin eta zuhaitzak besarkatzeko gogoz irten ginen. Udaberria topatu genuen, udaberria harro, udaberria eder, udaberria bere tokian. Dena berdeago, beteago, basatiago. Ikusi ditugu argazkiak; baso eta mendietako animaliak herrietako kaleetan, xoxo jaioberriak etxeetako balkoietan, landaretza gainezka, bareak nonahi. Neurketak argiak dira: gure hirietako kutsadura erdira jaitsi da.

Sentipena dut natur-inguruak gizakiari espazioa jan diola itxialdi honetan, bere egin duela berriro, berea den eremu zabal horren zatitxo bat bederen; bestela ezin, eta bultza egin digula barrura.  Ulertu nahi badugu argia da naturak eman nahi digun mezua.

Espaloiak zabaldu, bidegorriak egokitu, oinezkoentzatko eremuak sortu… egoerari aurre egiteko neurriak proposatzen ari dira erakunde ezberdinak. Baina zer gertatuko da noiz bukatuko den ez dakigun egoera hau bukatzen denean? Eta egindako proposamen horiek gauzatu eta behin betikotzen baditugu? Eta espaloiak zabalduta, bidegorriak egokituta eta oinezkoentzako sortutako eremuak gero ere bere horretan uzten baditugu? Horretan ere pauso bat ere ez atzera.

Oraintxe irri-algaraka somatzen dugun naturari ez diezaiogun berriro aho-zapia jarri muturren aurrean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!