Ez dakit oso ondo zergatik, baina burura etorri zait ume ginela gabon oporren
bezperan, tira, orduan gabon opor esaten genuen, gaur nahiago dut neguko
opor esan, eboluzionatu egiten dugu, hitzak hitz dira, baina hiztegia fintzea ere
komeni izaten da. Horixe kontua, burura etorri zaidala ume ginela neguko
oporren bezperan Bilbora joaten ginela PINera, haur parkera, egun pasa. Behin
ikasgelako lagun guztiak hartuta, literatura sari bat jasotzera ere joan nintzen.
Jolas eremu ikaragarria zen. Sartu eta ondo pasa. Ikastetxeek aukeratzen
zuten jarduera bat zen, ikasleok ondo pasa genezan, geure buru, gorputz eta
emozioak eta, bide batez, lagunenak ezagutu genitzan. Jarduera osagarri bat
zen. Kurrikulumetik kanpokoa? Ez dakit. Ondo pasatzeak, geure buru, gorputz
eta emozioak eta, bide batez, lagunenak ezagutzeak kurrikulum barnean behar
lukeela uste dut. Denok joan ginen. Gela osoa ginen han. PINen, haur parkean.

PIN. PIN, PIN. Ordutegi lektiboan jarduera extrakurrikularretan parte hartzeko
gurasoek eman beharreko baimenaz ari dira eztabaidan egunotan. A ze saltsa.
Eztabaida piztu da, eta ez txikia gainera. Eta beti-betikoan katramilatu da
gainera kontua, sexu heziketa, feminismoa, LGTBI aniztasuna… Pereza, nagia,
asperdura eragin dezake, baina kontua serioa da oso. Fokoa, ordea, ez nuke
gurasoek baimena eman behar duten edo ez, eman dezaketen edo ez
dezaketen eztabaidan jarriko.

Zer den kurrikularra… hortxe dago giltza, gakoa. Eta hasiko bagina
seriotasunez, sakontasunez, iraunkortasunez ikasgeletan lantzen oraindik
extrakurrikularrak diren hainbeste gai? Zer dira jarduera osagarriak? Zer dira
jarduera extrakurrikularrak? Zer da osatzera datozena? Ez al dira oinarri?
Funts? Ez al da garaia sexu heziketa, feminismoa, LGTBI aniztasuna etab.
etab. eguneroko jardun kurrikularrean sartzeko? Eta eztabaida gaia horra
eramateko probesten badugu?

Bide batez, zorionak NAIZEN elkarteari azken egunotan Bilbon eta Donostian
jasotako sariengatik.

Eta aspaldian gizartean gehien eragiten ari den elkarteetako bati, NAIZENi
esaterako, tokia egingo bagenio kurrikulumean?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!