HAIZE KONTRA ERE, AURRERA

                                                       Haize kontra ere, aurrera

Hala egin genuela dirudi 1991tik 2011ra bitartean Nafarroa Garaiko euskaldunok. Hala erakusten du behintzat orain dela aste batzuk Nafarroako Foru Parlamentuan aurkeztu zuten V. Mapa Soziolinguistikoak. Dagoeneko herritarron eskura jarri dute mapa horren zirriborroa Euskarabidearen webgunean;  gaztelania hutsean,  jakina, beste behin ere herritar euskaldunoi zenbaterainoko errespetua diguten erakusteko edo.

Inkesta horren ezaugarri teknikorik ez digute jakinarazi, ez zenbat laguni egin dizkieten galderak, ez bestelako konturik. Behin betiko mapak zalantza horiek argituko dizkigula pentsatu nahi dut. Dena dela, hor ageri denaren arabera, 32.617 euskaldun gehiago ziren 2011n hogei urte lehenago baino, guztira 82.101 euskaldun baikinen 2011n, eta 49.484 baino ez 1991n. Ez dira pozaren pozez saltoka hasteko moduko kopuruak; baina garbi dago beste pauso bat aurrera egin genuela 20 urte horietan, oztopoak oztopo. Izan ere, kontuan hartzekoa da, nire iritziz, %65,91ko igoera hori. Gainera, 1986ko Euskararen Foru Legeak ezartzen dizkigun hiru eremu geografikoetan irabazi ditu hiztunak euskarak.

Bestalde, euskara ulertu baina ongi mintzatzeko gauza ez direnak ere ugaritu egin dira Nafarroa Garaian: 23.414 ziren, 1991n; 2011n, berriz, 62.881, hogei urte lehenago baino 39.467 lagun gehiago, alegia. Igoera pozgarri hori ere hiru eremuetan gertatu zen. Eta pozgarria dela diot, gero eta gehiago direlako solaskide euskalduna hizkuntzaz aldatzera behartzen ez duten herritarrak.

Beraz, lau herritarretik batek zuen euskararen oinarrizko ezagutza Nafarroa Garaian 2011. urtean. 1991n, berriz, zazpitik batek. Begien bistakoa da aurrerapena euskararen ezagutzari dagokionez, ezkutatzen zaila, eztula eta dirua ezkutatzea bezain zaila. Alferrikakoa da datu horien berri ehunekotan bakarrik ematea, populazioa zenbat hazi zen aipatu gabe, edo 1991tik 2011ra estatu espainiarretik kanpoko 70.000 atzerritar inguru etorri zitzaizkigula esan gabe.

Euskararen ezagutzarena ez da izan, ordea, mapa soziolinguistikoan aztertu duten alderdi bakarra. Izan ere, etxe barruan zer hizkuntza den nagusi ere neurtu zuten inkesta horretan. Jose Iribas Hezkuntza kontseilari txit euskaltzaleak jakinarazi zigun ezagutza handitu arren etxean euskaraz gero eta gutxiago egiten genuela. Mapan ageri diren datuei erreparatuta, baina, ez du ematen hori horrela zenik. 2011n etxean batez ere euskaraz mintzatzen zirenak 26.783 ziren, 1991n baino 1.049 lagun gehiago. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten zutenak ere gehiago ziren 2011n 1991n baino, 10.128 gehiago, 25.640 baitziren guztira.

Egia da etxeko erabilera apaldu egin zela 1986ko Euskararen Foru Legeak eremu euskaldun esaten dion horretan, mapa soziolinguistikoaren arabera, eta ia 3.000 lagun gutxiago zirela etxean batez ere euskaraz mintzatzen zirenak: 21.528, 1991n; 18.612, 2011n. Etxean euskaraz eta gaztelaniaz aritzen zirenen kopuruan, berriz, galera 627 lagunekoa izan zen. Poliki aztertu beharreko kontua dela iruditzen zait, parlamentuan euskararen erabileraren gaineko ahokadak botatzen hasi aurretik. Hasteko, jakin beharko genuke zenbat erdaldun etorri diren eremu horretara bizitzera eta zenbat euskaldun joan diren bertatik. Badakigu estatu espainiarretik kanpoko 3.746 atzerritar bizi zirela bertan 2011n, esaterako, 2001ean baino 2.689 gehiago.

Dena dela, harro egoteko motiboak baditugu Nafarroa Garaian bizitzaren alor guztietan euskaraz bizi nahi dugun herritarrok, aurrera egiten ari gara eta, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika suntsigarri eta lotsagarria gorabehera, euskara zabaldu ez dadin jo eta su lanean ari direnen ahalegin etsiak gorabehera. Guk nahi baino mantsoago, jakina, baina zenbaitek uste baino bizkorrago. Hori haize kontra ibilita. Pentsa non egongo ginatekeen haize alde ibili izan bagina. 

Joxerra Olano

IKAko Sahats euskaltegiko irakaslea    

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!