Langile bat hil da Olaztin, lan istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Guaixe 2022ko ira. 9a, 07:18
Foruzaingoaren auto bat istripua izan zen porlandegian. (Argazkia: Foruzaingoa).

55 urteko gizonezko olaztiar bat zendu da porlandegian izandako ezbeharrean.

Atzo eguerdian heriotza eragin zuen lan istripua izan zen Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivas enpresan. Pabilioi batean zamalanetan ari zen orga jasotzaile batek langile bat harrapatu zuen. Lankideek larrialdi zerbitzuetara hots egin zuten, baina anbulantzia iritsi denerako gizona hilda zegoen eta ezin izan zuten ezer egin. Foruzaingoa ari da ezbeharra ikertzen.

ELAK mobilizazioetara deitu du

Lantegiko enpresa batzordean gehiengoa duen ELA sindikatuak ″babesa eta elkartasuna″ adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei, eta, aldi berean, ″ikerketa sakona egitea″ eskatu du, ″ezbeharraren arrazoiak eta erantzukizunak zehazteko″. ELAk jakinarazi duenez, dagoeneko aurten Nafarroan 12 pertsona hil dira lan-istripuz, 55 guztira Euskal Herrian. 2012tik, laneko ezbehar-tasa %30 igo da, eta laneko heriotzen %40ren arrazoi zuzena da enpresek segurtasun neurririk ez izatea. 

ELAtik gaineratu dutenez, ″erreakzionatu beharrean, patronalak isilik geratzen da behin eta berriz, eta Nafarroako Gobernuak baliabide publikoak esleitzen dizkio CEN, UGT eta CCOOen Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figurari, NOPLOI eta Lan Ikuskaritza baliabide faltagatik kolapsatuta mantentzen dituen bitartean″. Horregatik, ELAk lan ezbeharren ″odolustea geldiarazteko″ eskatu du. Horretarako ″onura ekonomikoaren aurrean plantillen segurtasuna lehenetsiz, eta kontrolerako bitarteko publikoak areagotzeko elkarrizketa sozialeko politikak alde batera utziz″. Aldi berean, ELAk langileak mobilizatzera deitu ditu, ″enpresen eta lantokien lan ezbeharrak desagerrarazteko″.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!