Marrazkitan

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2021ko api. 13a, 12:00

Argazkiak alde batera utzi eta marrazkiei egingo diet tokia gaur. BERRIAren bederatzigarren orrialdean, eskelen atalean bat, bakarra eta bakana zinez: Julen Madariagaren irudia da, bere bibote eta betaurrekoekin, txapela buruan eta haren zilean ikurrina. Mezua, hauxe: “Lagundu gaituzuen guztiei esker mila”. Marrazkia espreski sinatu gabe doan arren, Asisko Urmenetaren grafia eta eskua zalantzarik gabekoak dira. Beste marrazkia ARGIAn dago, hilaren lauko zenbakian. Adur Larrea grafista da egilea. Izenburua: “Aberri Egunaren bezperan… Uztarri Eguna!”. Azpian Errealeko eta Athletic-eko jokalari bana ageri dira, uztarripean lotuta. Errealekoak txanpain botila ireki berria dauka eskuan eta hala dio: “Ospa dezagun denok anaitasun ederrean!”. Athletic-ekoak, “ole eta oleka”, Erregerean kopa altxatuz: “Hauxe da, bai, gure koroa!”. Gogaikarria gertatu zitzaidan, benetan, apirilaren 3ko finalaren parafernalia osoa. Haserretu ere egin nintzen etxekoekin, Vocento taldeko jarraitzaileen plantan ipini eta elkarri mokoka hasi zirenean, mundua txuri-urdinen eta zuri-gorrien artean banatuko balitz bezala. Total, zertarako? Ba Adur Larreak bere marrazkian islatzen duena egiteko: Espainiako Erregearen aintza eta gloriarako. Errealak eta Athletic-ek aukera historikoa galdu zuten Borboiaren kopari uko egin eta Euskal Selekzioa aldarrikatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!