Oliba kolorea

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko urr. 6a, 11:42

Denboraren makinak atzera egin du, gutxienez hamaika urte. BERRIAren azalean aspaldi ikusi gabeko irudia, beste garai batzuetara garamatzana. Oliba koloreko berdea nagusi, bistan dauden hiru gizonezkoen jantzietan, eta alboan duten autoan. Erdian emakumezko bat, eskuburdinak lotuta, musukoaren gainetik begiak triste eta indartsu aldi berean, begirada ezkutatu gabe: Ekhiñe Eizagirre zarauztarra da. Laugarren orrialdean antzeko argazkia zuri-beltzean: Kepa Arkauz arrasatearra daramate hor guardia zibilek. Hirugarren atxilotuaren argazkia falta da, Imanol Jaiorena. Sare mugimenduaren adierazpena: “Erabaki honek iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du”. EHBilduk eta EHBaik esana: “Espainiako Estatuko aparatuek (…) bizikidetzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea eragotzi” nahi dute. Egunkariaren beste aldean, Kulturako orrietan, nolabaiteko ifrentzua. Beste kultur eragile batzuen artean, hor ageri da Joseba Sarrionandiaren argazkia. Albistea hauxe: Sarrionandia irakasle gonbidatu gisa arituko dela Mondragon Unibertsitateak antolatzen duen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoan. Itziar Ugarteren informazioan ez da zehazten nola parte hartuko duen iurretarrak, baina ulertzen da online izango dela. 2014an iragarri zuen Mondragon Unibertsitateak Sarrionandia klase batzuk ematera etorriko zela eta bertan behera geratu zen plana, baimen kontuengatik. Guardia zibilek ere online jarraitu beharko dizkiote pausoak Sarrionandiari, oraingoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!