Izurriteen lokarria

Eraikin abangoardistak; kristalezko bi dorre zeruan galtzen direnak. Erdian, bi hankaren gainean jarritako beste eraikin puska bat; puska horren aurreko aldea pantaila erraldoi bat da. Bertan, zer ageriko? Bi aurpegi, maskara profilaktikoekin, betaurrekoekin eta txanoarekin estalita; begiak bakarrik dituzte agerian, ikusleari zuzenean so. Argazki oinean xehetasunak: koronabirusari buruzko bideo bat, Kantongo publizitate pantaila batean. Pantailaren aurrean pasaeran doan gizonezkoak, apenas jaramonik egiten dien: maskara belarrietatik zintzilik darama, baina kokotzera jaitsita, sudur-ahoak bistan. Oso bestelakoa da orri batzuk pasata datorren argazkia. Zuri-beltzean, dozena erdi bat soldadu bizkarrean hilkutxa daramatela; alboan ofizial pare bat ageri dira, bat domina eta guztizko trajearekin, bestea berriz, faenakoarekin. Militar guztiak batzen dituena, hauxe: paparrean duten argazkia; hilkutxan daramaten soldaduarena. Argazki oinaren esplikazioa: Turkiako Gulderen herrikoa da eszena, eta Siriak Idilben egindako aire erasoan hildakoa soldadua. Gerra film bateko fotograma izan zitekeen argazki turkiarra. Badu, ordea, logika hori hausten duen beste osagarri bat: bide ertzean, gizonezko gazte batzuk ageri dira mugikorrekin argazkiak ateratzen segizioari. Goragoko aldapan jarrita, emakume talde bat, umeren bat tartean, desfilea bistaz jarraitzen. Txinako argazkiak modernotasuna transmititzen duen bezala, Turkiakoak antzinako garaiak ebokatzen ditu. Gauza batek lotzen ditu biak: izurriteak; izan gaixotasun modura nahiz biolentzia gisara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!