Iturramako jaiak Nabarrerian

Alde zaharraren monumentalizazio sinbolikoa gailurrera iristen ari da. Ezinbesteko espazioa bihurtu da espektakulu eta negozioetarako. Horrela, asteburuan bizilagunok pairatu dugu, besteak beste, ardo gorriaren gorazarrea, ezkontza aurreko hamaika koadrilen mozkorraldiak, kale kantoietan kontzertu elektriko zaratatsuak, terraza pribatuak kaleak uholdatzen, jaunartzen opakizunak elkarte pribatuetan, apartamentu turistiko askoren bezeroen algarak edo peñen egunak. Ez dago beste espaziorik aisialdi edo topaketa legitimorako.
Alde zaharra hiritar ororen “memoriaren lekuaren” funtzioan itotzen den bitartean, hiriaren gainerako auzoak “ahanzturaren lekuak” bihurtzen dira sinbolikoki desagertuz. Jakina da memoria kolektiboa iruzurtia dela, gezur txiki askoren metaketa, interes ekonomiko eta politiko ugarien salda, errepikapena eta simulazioen ondorio, beste aukera askoren errepresioaren emaitza.
Eredu zaharrean merkatarien eta ostalarien elkarteen gidaritzak hiriko agintarien laguntza osoa eduki dute. Gutxi batzuen negozioa auzokideen lepora diseinatu dute. Aldaketa politikoa dugun honetan esperantzak eta zalantzak nahasten dira. Iruñea berriz pentsatu behar dugu, alde zaharraren guztizko zentralitate itolarria minimizatuz eta auzoetan zentralitate berriak sortuz.

Hau ez badugu aldatzen datozen urteetan Iturrama auzoko jaiak Nabarreriaren iturriaren bueltan ospatuko ditugu. Are gehiago, urtean diren berrogeita hamar asteburuetan Nafarroako herrien jaiak gurean izango dira. Badakizue, hiria animatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!