Javier Zulaika

Javier Zulaika, gizon heldua bezain gaztea, azkeneraino lanean aritua, azkeneraino gizarte honekin konprometitua. Herriberrin sortu eta iruinseme bihurtua, lau alaben aita zen. San Fermin Ikastolako presidente izandakoa, hil arte eutsi zion ikastolen aldeko militantziari.

Langile porrokatua, kultur handiko gizon argia, zorrotza, umoretsua, kementsua eta etorri handiko hiztuna. Solasbidek iaz gazteen egoeraz eginiko jardunaldian hitzaldi hunkigarria egin zuen. Laurogeita sei urteko gizonak hogei urtekoei dei egin zien, gogotsu lan egin zezaten, ilusioari eutsiz, beti ere gizarte hobe baten alde. Eta ez etsitzeko, faborez, horixe azpimarratu zien, etorkizuna idatzi gabe zegoela azpimarratuz, sekula galdu ez zuen gaztetasunaren indarra aldarrikatuz.

Gizartearekin konprometitua, Unesco-ren bultzatzaile eta Nafarroako ordezkaria izan zen. Munduan ibilitako gizona, Euskal Herria eta euskal kultura maite zituen. Batzuek kontrakoa uste arren, munduari begiratzea eta zurea maitatzea bateragarriak dira, Javierrek berak erakutsi zuen bezala.

Zulaika atzo hil zen Iruñean. Gazte hil zen, laurogeita sei urtetan. Gaur, arratsaldeko zazpietan eginen da haren aldeko hileta, Iruñeko Jesuiten elizan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!