Ordurako

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Goikoetxea 2016ko ots. 4a, 18:32

Urtarrilak 19, arratsaldeko 17:00ak. Martutene. Nagore Ezeiza eta Irati eta Ekaitz Goikoetxea, hiru sortzaile, behin-behineko kartzelaldira kondenatuak. Buru bana izatea leporatzen zaie, eta sormena zorretan izatea, sormena zorretan izatea zorrak sortzeko askatasuna ukatu zaienekin.

Urtarrilak 19, arratsaldeko 17:00ak. Martutene. Paperak, kaierak, eta lehen aldietako ohiko urduritasuna. Buenas tardes, lehen atezainak; Buenas tardes, arratsaldeon, guk. Nortasunak agerian ez, agirian behar zuela berak, eta gaurkoagatik hala beharko dik guk.  

Sekula beteegi izaten ez ditugun poltsikoak hustu eta  irudimenean baino zabal ez daitezkeen ateak ireki zitzaizkigun parez pare. Bat, bi, hiru, lau, bost… kontua da kontua ere galdu genuela gure kantu eta kontuen hartzaileeenganaino iritsi ginenerako.

Arratsalde on, buenas tardes, gu Nagore, Irati eta Ekaitz gara eta… Harriak ez du begirik, begiak harritzen dira. Eta txalo Valladolideko Iñakik, eta Lazkaoko Oskarrek ezagutzen ninduela Maizpide Euskaltegian  klaseak ematen nituen garaitik, eta Las piedras no tienen ojos, son los ojos los que se quedan de piedra itzultzen zidan Carlos irundarrak euskaraz ez zekitenek ere ulertzeko moduan. Eta txalo beraiek, eta El futuro ya ha venido eta txalo beraiek, eta es presente y motivo nik, eta besarkadak beraiek, eta de ser vivido nik, eta esker ona beraiek, eta aquí, ahora y contigo nik eta beraiek, beraiek eta nik. Eta arratsalde ederra igaro genuen guztiok.

Eguna baina, ortzimuga ezberdinetatik ilundu zitzaigun, bonbillapetik beraiei, izarpetik guri. Hori bai, handik eta hemendik etorkizun hurbilarekin egin genuen amets.  Hurrengoan ere sormenera kondenatuok ordurako joango garela, baina ordurako ez dugula zain genuenik izango. Porque el futuro habrá venido.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!