ELArentzat Miren Peña Rastrollo Antsoaindarraren heriotza, Laboral Kutxak hipoteka ordaintzeko alternatibarik ez ziola emango jakiterakoan, milaka pertsonei eragiten dion egoera latz honen arduradunak zuzenean markatzen dituen tragedia izugarria da.
ELAk tragedia honetan ematen den konplizitate politikoa salatu nahi du. Prekarietateak, langabeziak eta etengabeko murrizketek gero eta pertsona gehiagok, eta bereziki egoera okerrenean daudenek, alokairua ordaindu edo hipoteka ordaintzeko zailtasunak izatea dakar.
Gizarte-larrialdi egoera bizi dugu, non 23.214 langabetu nafarrek ez duten inolako prestaziorik jasotzen. Egoera honen aurrean, arrazoi ekonomikoak medio etxebizitza ordaintzeko arazoak dituzten pertsonei etxe-kaleratzeak bertan behera gelditzea exijitzen dugu.
ELArentzat onartezina eta lotsagarria da milaka pertsona egoera latz hau bizitzen ari diren bitartean, hipoteka ordaindu ezin dutelako kaleratuak izanik, espekulatzen jarrai dezan bankari diru mordoa ematea.
ELAk Nafarroako Gobernuari etxebizitza duin bat bermatzeko exijentzia berresten dio, pertsona askok enplegua galdu duten gizarte-larrialdi egoeran baikaude.
Azkenik ELAk Mirenen heriotza salatzeko eta bere familiari elkartasuna adierazteko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du, bide batez pertsona asko eta askok bizi duten kaleratze egoera gordina bistaratu dadin.