Egun gutxi falta dira Olentzero ospa dezagun berriz. Mendillorrira joanen gara, Iruñeko Olentzerora edo gure auzokora,... baina jakinen al dugu benetan zer ari garen ospatzen?

Hemen ohartxo batzuk Olentzeroren inguruan:

-Olentzero zer den galdetzen badigute gutako %99k erantzunen du gabon gauen opariak ekartzen dizkigun ikazkin maitagarria dela. Baina hori Olentzeroren tradizioaren oso ikuspegi mugatua da.

Olentzero pertsonai hori eta gehiago da.

Garai bat

Kristautasuna gure artean ezarri baino lehenago, dagoeneko euskal gizarteak ospatzen zuen Olentzero. Neguko solstizioaren inguruko ospakizuna zen, hain zuzen. Neguko solstizioa abenduaren 21ean izaten da. Egun hori da urteko egunik motzena eta gaurik luzeena. Hortik aurrera eguna luzatzen doa: argi gehiago, naturaren iratzartzea, iluntasunaren amaiera,... hau da gauza onak. Gauza onen aroa dugu Olentzaroa (Onen-aroa).

Oles aroa?

Beste batzuk diote Oles-aroa dela Olentzeroaren etimologia zuzena. Oles egiteko garaia, beraz. Uste dugu zuzenagoa dela aurreko hipotesia, baina ezin uka daiteke kantuak eta kuestazioek (puska biltzeek) garrantzi handia dutela garai honetan. Inauterian ere egiten dira horrelakoak, izan ere estuki loturik daude Olentzero eta inauteriak (inauteritan mintzatuko gara honen inguruan). Kontua da herri askotan ibiltzen direla gazteak etxez etxe, kantuen truke, puska-biltzan... Herri zenbaitetan panpin bat zeramaten (gaurko Olentzeroren gisan) eta berarendako eskatzen zutela esaten zioten etxeko jabeari.
Honek zerikusirik izan dezake inauterietan zenbait herritan egiten den Otsobilko-rekin. Otsoaren erasoez gordetzeko berarendako eskatzen omen zuten puska-biltza horietan (ustezko otsoa behin agertuta, benetazkoa ez litzake agertuko). Olentzeroren kasuan antzeko zerbait gerta daiteke. Baina Olentzerok eraso egiten al du?

Olentzero(ak)

Ez baitago Olentzero bakarra. Gaur egun ikazkin maitagarri gisa ezagutzen dugu, baina herri batzuetan ez zen horren maitagarria. Zenbaitetan tximiniatik jaisten zen pertsonai gaizto moduan irudikatu izan dute, gaizki portatzen ziren haurrei lepoa mozten zien pertsonaia gaizto gisa. Beste leku batzuetan Olentzero enborra zen. Solstizio garaian sutegian erretzen zen eta errautsak izpiritu txarrak uxatzeko erabiltzen ziren.

Europa osoan zehar badira antzeko kasuak. Behin baino gehiagotan esan dugu ez garela martzianoak. Europa osoko folklorearen barnean gaude, eta baditugu beste lurralde batzuekin antzekotasunik. Grezian Kallikantzaroi (Kalikantzaro, Kallikantzari, Καλλικάντζαρος...) izeneko pertsonaiak dituzte, Olentzeroren gisakoak, eta izpiritu gaiztoak dira. Katalunian ere enborren inguruko tradizioak dituzte... Guztiak daude suarekin era egurrarekin harremanduak.

Iruñeko Olentzero

Iruñeko Olentzero 1955. urtean hastekoa zen, baina garai hartako erakundeek galeratzea erabaki zuten (gauza batzuetan ez da alde handirik, 50 urte pasa diren arren). 1956. urtean atera zen lehenengoz, Lesakako Olentzeroan oinarrituta. Azken 30 urte hauetan hazkunde handia izan du ohitura honek, lehenago, gezurra dirudien arren, Euskal Herrian ez baitzen ezaguna gure ikazkin maitagarri hau. 


Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!