'Berria' eta 'Gara' Iruñeko liburutegi publikoetan daude berriz

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko ira. 2a, 12:14
Asnabi liburuzainen elkarteak neurria salatzeko elkarretaratzea egin zuen 2009ko Liburuaren Egunean. J. MANTEROLA / ARP

Duela sei urte utzi zioten bi kazetak erosteari, Iruñeko Udalak hala erabakita. Barañaingo Udalak ere antzeko neurri bat hartu zuen

[Albistea Berria-n]

Asteartetik Iruñeko liburutegi publiko guztietara jotzen dutenek Berria eta Gara egunkariak doan irakurtzeko aukera edukiko dute, aspaldiko partez. Eta hala izango da aurrerantzean ere, oraingoz hiru hilabeterako bi kazeta horien harpidetza egitea erabaki baitu Iruñeko Udalak.

Duela sei urte Yolanda Barcina alkate zela hartutako erabakia bertan behera utzi dute orain. Harako hartan, aipatutako bi berripaperak erosteari uztea agindu zuen Paz Prieto Kultura zinegotziak. Funtsean, egun batzuk lehenago Barañaingo Udalak hartutako neurri bat Iruñera zabaldu zuen UPNk. Barañainen, oraingoz, berdin jarraituko dute.

Harrezkero, lau egunkari baino ez dituzte jaso izan Iruñean eta Barañainen: Nafarroako bi —Diario de Noticias eta Diario de Navarra— eta Espainiako beste bi —El País eta El Mundo—. Hala, artxiboetan ere lau horiek baino ez dituzte gorde. Beraz, sei urteotan BERRIAn edo Gara-n argitaratu diren artikuluak kontsultatu nahi dituzten herritarrek ez dute horretarako aukerarik izango liburutegiotan.

Orduan salatu bezala, gaur ere Kontseiluak «bidegabekeria» irizten dio urteotan gertatuari: «Euskaldunok ez dugu izan Iruñeko liburutegi publikoetan euskarazko egunkari nazional bakarra irakurtzeko aukerarik». Paul Bilbao presidentearen arabera, «euskara eta euskaldunak ezkutatzeko asmoz» hartutako neurria izan zen. «Euskaldunon eta gure eskubideen aurkako politika bortitza egon da Nafarroan. Orain, aldatzeko aukera dago».

«Premiazko neurriak»

Bilbaoren esanetan, urrats garrantzitsua da. Baita Nafarroako Gobernuak joan den astean Euskalerria Irratiari lizentzia eman izana ere. Baina gehiago eskatu ditu. «Ahalik eta lasterren hartu beharreko urgentziazko erabakiak» direla nabarmendu du, «bidegabekeriak bukatzea» dutelako helburu. «Orain arte hainbatetan aldarrikatu dutena errealitate bihurtzeko aukera dute. Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta beste udalek hizkuntza politika aldatu behar dute».

Kontseiluak eta euskalgintzako eragileek ez ezik, Nafarroako liburuzainek ere gaitzetsi zuten 2009ko erabakia. Asnabi Nafarroako liburuzainen elkarteak honela salatu zuen: «Nafarroako liburutegi publikoek 60 urte dituzte, eta epe horretan egundo ez zaigu antzekorik gertatu. Ezta demokrazia gabeko garaietan ere».

Oraingoan ez dute adierazpenik egin nahi izan. BERRIAri esan diotenez, aurretik udalarekin elkartu nahi dute, erabakia zergatik hartu duen jakiteko. Dena den, argi utzi nahi izan dute liburutegi publikoetako funtsak osatzeko erosketak liburuzainen eskumena direla. «Udalak ez dira nor zein liburu, aldizkari edo egunkari eros daitekeen edo ez erabakitzeko. Liburuzainak badaki zerbitzua ematen dion herriak zein argitalpen behar duen». Edonola ere, sinetsita daude «asmo onez» hartu dutela erabakia.

Ibai Maruri Bilbao

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!