Hauteskundeak 2015

Labirintoan, aldaketaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 8a, 09:03
Laura Perez Podemos alderdiko hautagaia, atzo iluntzeko ekitaldian, Iruñean. JESUS DIGES / EFE

Azken legealdian UPNk izandako higadurak egokiera ona ekarri du gobernua aldatzeko. Alternatibaren lidergoa hartzeko lehia handia dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k.

[Albistea Berria-n]

Orain edo inoiz ez. Adierazpen gordinegia irudi lezake, baina Nafarroako jende askoren sentipena laburbiltzen du. Azken legealdiko higadura handiak eta krisi ekonomikoak eragindako suminak aukera ireki dio oposizioari UPN gobernutik kanporatzeko. Aspaldiko egokierarik onena da, baina horrek ez du esan nahi aldatzea erraza izango dela. Nafarroako mapa politikoa labirinto bihur daiteke, eta nabarmen zaildu daitezke gobernua osatzeko gehiengoak. Ohiko alderdiez gain, bizpahiru indar berri sar daitezke, eta haien emaitzak giltzarriak izan daitezke. Erregimenaren aldeko eta kontrako indarren korrelazioak erabakiko du partida. Hona gakoak:

UPN

Lehia erabakigarri horretan, ia ziurtzat jo daiteke UPNk irabaziko dituela bozak. Hala ere, gainbehera handia izango du. Duela lau urte, 111.474 boto eskuratu zituen, 2007an baino 27.648 gutxiago. Amaitu berri den legealdian 19 parlamentari zituen, baina azken inkestek aurreratzen dute 11-15 artean izango dituela. Zenbat eta gehiago galdu, orduan eta zailago izango du UPNk Esparzaren inbestidura bermatuko dioten 26 parlamentarien babesa lortzea.

Paradoxikoki, bozei begira UPNk eraberritzea aldarrikatzen du, nahiz eta aurpegi aldaketa hutsa izan. Jose Javier Esparza, gainera, ez da Barcina bezain politikari ezaguna, eta, horregatik, hautagaiari protagonismoa eman nahi zaio kanpainan. Era berean, boto ihesa eragozteko, eskuin sektorea mobilizatu nahi du UPNk, EH Bilduren eta Nafarroaren nortasunaren galeraren mehatxua astinduz.

PSN

Nafarroan giltzarria izan ondotik, ezdeusa izateko arriskua du alderdi sozialistak. Higadura handia eragin dio UPNrekin koalizio gobernua osatu izanak eta iazko martxoan zentsura mozioari uko egin izanak, eta PSNk ere aurpegia aldatu du. Berriz ere, eraberritzea eta aldaketa darabil diskurtsoan, baina argi adierazi du EH Bildurekin ez duela ezer jakin nahi. 2011n, aspaldiko emaitza txarrenak izan zituen (51.238 boto), baina marka txar hori txiki utziko du orain. Inkestek bost eta zortzi eserleku artean ematen dizkiote. Gainbehera gelditzea izango du erronka Txibitek.

EH BILDU

Bilduk 42.916 boto eskuratu zituen duela lau urte. Aralarren ekarpenarekin eta testuinguru berriarekin, botoak irabazi beharra dauka, baina oso zail izango du 2007ko Nafarroa Bairen markara iristea (77.893 boto). EH Bilduren helburua, hauxe: alternatibako indarren artean lehen indarra izatea —inkestek 7 eta 10 artean ematen dizkiote—, inork tentaziorik izan ez dezan koalizioa bazter uzteko. Podemosen agerpenak alternatiba osatzea lagun dezake, baina orain ezin da antzeman Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrarekin aski izango den 26 eserlekura iristeko.

GEROA BAI

Zailtasunaren jakitun, giltzarri bihurtu nahi du Geroa Baik, Uxue Barkosen irudi onak lagunduta. Gobernua osatzeko posibilismoaren karta da erakargarri nagusia, eta berriki Barkosek azpimarratu du koalizio gobernua ez dela aldaketarako aukera bakarra. 2011n, 42.916 boto eskuratu zituen NaBai-2011k. Aralarrik gabe, UPNren eta PSNren higadura profitatu nahi du. Bigarren indarra ez den heinean, zaildu daiteke haren asmoa. Inkestek 5-9 ematen dizkiote.

EZKERRA

Ezkerreko esparruan botoak irabazteko abagune ederra zuen Ezkerrak, baina beste lehiakide bat atera zaio, eta nahikoa lan badu eustearekin. Duela lau urte, 18.457 boto eta hiru legebiltzarkide lortu zituen. Orain, berriz, inkestek parlamentari bat eta hiru artean ematen dizkiote.

PP

Ezkerraren antzeko zerbait gertatzen zaio, baina eskuinean. UPN higatua dagoela eta, aukera bazuen eskuin eremuan botoak bereganatzeko. Alta, min egin diezaiokete Barcinari emandako sostenguak eta PPri lotutako ustelkeria kasuek. 2011n, 23.551 boto eskuratu zituen, eta lau parlamentari lortu. Orain inkestek bi eta hiru artean ematen dizkiote. Eskuinean beste lehiakide bat atera zaio, Ciudadanos, eta ezin jakin hark zer-nolako mina egingo dien UPNri eta PPri. CISen azken inkestaren arabera, lauzpabost eserleku lor ditzake.

PODEMOS AHAL DUGU

Nafarroan aurpegi ezagunik izan gabe, Navarrometroak 18 eserleku ematen zizkion azaroan, baina halako lurrikararik ez da izango. Dena den, indar handiz sar daiteke, nahiz eta Espainiako gorabeherek higadura eragin. Ikusteko dago botoak nondik hartuko dituen eta zein alderdiri egingo dion minik handiena. Zaila dago igartzen zer egingo duen, inkestek tarte handi bat ematen baitiote: lau eta 11 bitartean.

Joxerra Senar

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!